Bizikleta elektrikoen geltokia, Anoetan. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Urteko tarifa 40 eurokoa izango da, eta noizbehinka erabiltzeko, berriz, bi euro ordaindu beharko da bizikleta elektrikoa erabiltzeagatik.
Bizikleta elektrikoak abian dira gaurtik aurrera. Dena den, hasiera batean, aurrez izena eman duten 400 pertsonek baino ezingo dute erabili zerbitzua. Horrela, erabiltzaileek sistema frogatuko dute eta sor daitezkeen arazoak konponduko dituzte zerbitzua zabaldu aurretik.
Frogak egiteko epea pasata, interesa duten herritar guztiek erabili ahal izango dute zerbitzua, izen emate ordenaren arabera beti ere. Lehendabiziko egunetan 35 bizikleta jarriko dituzte eskuragarri eta zifra hori hazten joango da egunez egun.
Ordutegia goizeko 6:30etik, gaueko 11:00ak artekoa izango da.
Hasiera batean lau geltoki jarriko dituzte abian: Easo plaza (FEVEren geltokia), Maule kalea (Irakasle Eskola), Anoeta (Euskotren) eta San Frantzisko kalea (Nafarroa hiribidea). Hala ere, litekeena da datozen orduetan Ijentea kaleko (Udaletxea) geltokiak zerbitzua eman ahal izatea.
Datorren astetik aurrera, beste sei geltoki ere egokituko dituzte: Frantzia pasealekua (Iparraldeko geltokia), Andia kalea (Gipuzkoa plaza), Zarautz hiribidea, Lugaritz pasealekua, Katalunia plaza, Europa plaza (unibertsitatea) eta hortik aurrera pixkanaka geltoki gehiago jarriko dituzte, baita auzorik altuenetan ere.
Zerbitzuaren prezioa
Urteko tarifa 40 eurokoa izango da, eta 5 euro ordaindu beharko dira asegurua egiteko. Zerbitzua noizbehinka ere erabili ahal izango da, eta hala eginez gero, bi euro ordaindu beharko ditu erabiltzaileak egun osorako. Bestalde, 20 minututik beherako joan etorriak doakoak izango dira, ordu erdira arte, 10 zentimo ordaindu beharko dira, 30 eta 60 minutu artean erabiltzeagatik, berriz, 60 zentimo. Eta ordu gehigarri bakoitzeko, 3 euro.
Udaleko Mugikortasun Departamentuaren kalkuluen arabera, hirian bizikletaz egiten diren bidaia gehienak (% 90) 20 minututik beherakoak izaten dira.
Sistema aitzindaria
Bonopark, SL enpresak kudeatzen duen Donostiako bizikleta elektrikoaren sistema publikoa aitzindaria da, eta Ameriketako Estatu Batuetako, Ingalaterrako eta beste herrialde batzuetako hainbat hirik interesa agertu dute sistemaren funtzionamenduarekin, azkeneko berrikuntza teknologikoak baititu.
Sistema elektrikoa aktibatuta edo itzalita dutela erabil daitezke bizikletak. Nolanahi ere, bi kilo besterik ez dute pisatzen. Bizikletek orduko 16 kilometroko abiatura hartuko dute gehienez ere, mugagailu bat baitute, eta oso aproposak dira aldapak inongo ahaleginik egin gabe igotzeko. Mugikortasuneko zinegotzi Jon Albizuk esan duenez, “sistema honek hiriko auzo garaienetara iristeko aukera ere emango du, eta horri esker, benetako mugikortasuna lortuko dugu hiri osoan. Orain arteko zerbitzua inguru lauetan baino ezin zen erabili”.
Udalak bizikleta erabiltzaileen zalantzak argitu nahiz izen emateak edo bestelako kudeaketak egiteko bulego bat jarri du herritarren eskura Prim kaleko 6an.