Giza Eskubideen batzordetik atera da PSE-EE
Herrira mugimenduaren auzia aztertu behar zutenean sortu da eztabaida Giza Eskubideen batzordeko kideen artean.
Ostirala izanik, Donostiako udaleko Giza Eskubideen batzordeak bilera zuen gaur, baina gai zerrendan Herrira mugimenduaren aurkako polizia operazioa eztabaidatu behar zutenean Ernesto Gasco, PSE-EEko ordezkariak batzordea utzi du.
Gascoren arabera, Bildu eta EAJk aurrez adostutako proposamen bat aurkeztu dute beraiei iritzirik eskatu gabe. “Informazioa ukatu digute, EAJk aurkeztutako proposamenaren berririk ez dugulako jaso; guk gaia lantzeko borondaterik hoberena genuen baina ez digute eztabaidatzeko aukerarik ere eman”, esan du Gascok.
Hori dela eta, Giza Eskubideen batzordea “behin betiko” uztea erabaki dutela adierazi du PSE-EEk.
Herrira
Herrira mugimenduaren aurkako erasoaren aurrean zein jarrera hartu erabakitzeko orduan, “desberdinen arteko akordioetara heltzeko jarrera irekia” zutela adierazi du Gascok, eta Eusko Jaurlaritzaren adierazpenekin bat egiteko prest zeudela. Hau da, “Herrirako kideen atxiloketak bake prozesuan atzera pauso bat izan direla eta Espainiako Gobernuari bakerako politika bide berriak eskatu behar zaizkiola onartzeko prest zegoen gure alderdia, baina ez digute horretarako aukerarik utzi”, esan du Gascok.
Bakegintzan alderdi bakoitza bere jarreran itxirik ez dela ezer lortuko ere adierazi du Gascok eta “beste behin ere, bakea lortzeko eskua eskaini dietenei muzin egin diela” leporatu dio Izagirre alkateari.