Juan Karlos Izagirre alkatea, hitzaldia hasi aurretik, Iñigo Lamarka arartekoarekin hitz egiten. (Argazkia: Aritz Sorzabal)
Herri partaidetza zuzenari buruzko jardunaldiei ekin diete gaur Miramar jauregian. Juan Karlos Izagirre alkateak ireki du bihar arratsaldera arte luzatuko den jarduera, udalak gai horri lotuta gauzatu nahi duen ereduaren nondik norakoak azalduz. Herri kontsulten garrantzia aipatu du Izagirrek, partaidetza zuzenaren oinarri gisa. Legeak dioena ez dela oztopo izan behar esan du: “Gauza bat legalitatea da eta beste gauza bat kontsulta baten emaitza errespetatzeko borondate politikoa izatea. Legeak lege, herritarren erabakia errespeta dadila lortu behar dugu”.
Udal gobernuak bultzatu nahi duen ereduak hiru ardatz dituela azaldu du: ordezkaritza politikoa, parte hartzea eta partaidetza zuzena. Lehenengo biak egungo legegintzaldian jorratu dituztela esplikatu du; hirugarrenarekin, ordea, “esperientziarik ez dutela” onartu du. Hori bai, nabarmendu du herri kontsulta bat deitzekotan herritarrekin bildu eta gero izan beharko litzatekeela, euren kezkak eta beharrak behar bezala jasotzeko. Erakundeek “inposatutako” galdeketek ez dutela ezer onik ekartzen azpimarratu du. “Politika publikoek herritarren eskaerei egokitu behar dute, eta ez alderantziz”, adierazi du alkateak.
Bestalde, legegintzaldi honetan egin duten lanaren errepasoa egin du, eta gogoratu du udal gobernuko kide guztiak herri mugimendutik datozela. “Hasiera hasieratik, bulegotik atera eta kalera irteteko gosea izan dugu, herritarrekin egoteko”, esan du. Herri partaidetzak funtziona dezan, udalak “gardentasuna” eta “informazioa” bermatzea ezinbestekoa dela jakinarazi du, “bestela, partaidetza prozesua kutsatuta jaioko litzateke”. Gainera, paraidetza bermatuko lukeen ereduak “iraunkorra” izan beharko lukeela esan du, “denboran irauteko, agintean dagoenak baldintza ez dezan”.