Basque Xpedition-en aurkezpena. (Argazkia: Donostia 2016)
Hogeita bost artistak osatuko dute Basque Xpedition, tartean bost euskaldun, eta urriaren 6tik 18ra bitartean euskal kulturaren azterketa egingo dute.
Nazioz gaindiko kultur plataforma bat da Corners of Europe, eta hainbat herrialdetako sortzaileak elkartu eta euren arteko lankidetza proiektuak sustatzea izan ohi du helburu.
Sormenaren bidez Europako errealitatearen beste ikuspegi bat eskaintzen saiatzen dira artistak. Donostia 2016 fundazioa ere taldeko kidea da, eta oraingoan bera izango da artisten gidari, urriaren 6tik 18ra Euskal Herria, eta batez ere Donostia izango baita 25 artisten topaleku. 2011. urteaz geroztik artisten lau topaketa egin dituzte, eta Basque Xpedition izango da bosgarrena.
Basque Xpedition
Basque Xpeditionak gune nagusitzat Donostia hartuko du, baina Arabako, Iparraldeko eta Nafarroako hainbat tokitan ere egingo dituzte jarduerak.
Saioek hiru ardatz izango dituzte:
–
Herritarrak elkarbizitzaren ardatz: Urtetako indarkeria politikoaren ondorioz euskal herritarrek etorkizunari nola aurre egin nahi dioten ezagutzen saiatuko dira.
–
Kultura eta hizkuntza gutxituak: Euskara eta euskal kultura, gertutik ezagutuko dituzte artistekin eta sortzaileekin topaketak eginez. Gizarte globalizatuan kultura eta hizkuntza gutxituek dituzten erronkak zeintzuk diren ikusiko dute parte hartzaileek.
–
Gizartearen aktibismoa: Antolatutako gizarte baten barruan aktibismoak jokatzen duen papera zein den erakutsi dezaketen zenbait esperientzia aztertuko dituzte. Horretarako hainbat eragile eta gizarte mugimendutako kideak gonbidatuko dituzte.
Guztira 25 artista arituko dira elkarlanean, horietako bost euskaldunak: Juan Aizpitarte donostiarra, Borja Ruiz, Ixone Ormaetxea, Beatriz Churruca eta Axier Zabaleta.
Egitarau
–
Astelehena, urriak 7: Iñaki Perurena harri jasotzailearen Euskal Herriaren eta euskaldunen aurkezpena: kultura, historia eta hizkuntza, harria eta herria. Ondoren Artelekuko Soinu mapa taldearen eskutik euskal herriko soinu desberdin, ugari eta adierazgarrien muntaia garaikidea izango da.
–
Asteartea, urriak 8: Albaolara bisita, Pasaian, San Juan baleontziaren proiektua ezagutzeko.Ondoren, bertso bazkaria (ez da publikoarentzat zabalik egongo) Uxue Alberdi, Jon Maia eta Xabi Payarekin. Uxue Alberdi bertsolaritzaren jatorriaz, susperraldiaz eta emakumeak jokatutako rolaz arituko da.
–
Asteazkena, urriak 9: Aieteko Bakearen Etxean Ipar Irlandar gatazkari buruzko erakusketara bisita, Ipar Irlandar artisten gidaritzapean. Ondoren Rosa Rodero (Joseba Goikoetxearen alarguna) eta Axun Lasarekin (Joxean Lasaren arreba) solasaldia, Lokarriko Maialen Lizarralderen gidaritzapean.
–
Osteguna, urriak 10: Caritasek duen egoitzetara bisita, baztertu eta etxegabekoen errealitate ezberdinak ezagutzeko.
–
Ostirala, urriak 11: Artista partehartzaileek esku hartze artistikoak egingo dituzte Tolosako Azokan. Bonbereneara bisita, autogestio kulturala gertutik ezagutzeko.
–
Larunbata, urriak 12: Berria egunkariara bisita, euskarazko egunkari bakarraren sorreran herritarren babesak izandako garrantzia gertutik ezagutzeko.
–
Igandea, urriak 13: Araban dagoen Azala sorkuntza egoitzara bisita. Saioa Olmoren eskutik mugen eta identitateen inguruko talde dinamika egingo dute.
–
Astelehena, urriak 14: Donamartiriko Arberoa ikastolara bisita, Seaska Ipar Euskal Herriko Ikastolen elkartea ezagutzeko, Paxal Indoren eskutik. Ondoren, Otsozelai leizeetan txalaparta ezagutuko dute artistek. Iratiko etxoletara igo eta bertan igaroko dute gaua.
–
Asteartea, urriak 15: Iratiko etxoletan emango dute eguna, lanean.
–
Asteazkena, urriak 16: Etxalartik abiatuta, mugalarien ibilbidearen parte bat egingo dute. Mugaren inguruan zabaltzen den gizarte izaera berezia eta muga beraren kontzeptua landuko dute.
-Osteguna, urriak 17: Espedizioaren balorazio bilera. Arratsaldean Intxaurrondo kultur etxera bisita, Moi-Moi kolektiboarekin elkartzeko eta euskal dantza, musika elektronikoa eta bideo-sorkuntza nahasten dituen Akelarrearen inguruko lana ikusteko.
–
Ostirala, urriak 18: Artisten itzulera.