Iñaki Fernandez: "Udalak auzoaren beharrak kontuan izatea nahi dugu"
Trinitate plazak 50 urte bete dituen honetan ere, auzotar batzuek azken urteotako aldarrikapenarekin jarraitzen dute, frontoia estaltzeko eskatuz.
Trinitate plazaren mende erdia ospatzen ari dira aste honetan, eta bere arkitektura balioa goraipatzen duen DOCOMOMO saria ere jaso du. Bien bitartean, ordea, Parte Zaharreko auzotar batzuek euren aldarrikapenarekin jarraitzen dute. Izan ere, aspaldiko urteetan egin duten moduan, frontoia estaltzea eskatzen dute, erabiltzaileentzat aukerarik onena dela argudiatuz. Alde Zaharra kirol elkarteko pilota saileko arduraduna da Iñaki Fernandez, eta berarekin izan da IRUTXULOKO HITZA, bere iritziaren berri ere jasotzeko. “Udalak auzoaren beharrak kontuan izatea nahi dugu, eta auzoa pozik edukitzeko aldaketak egitea; plaza polit bat, inguruarekiko harremana galduko ez duena eta bere identitatea mantenduko duena”, dio Fernandezek.
Peña Gantxegik egindako diseinuaren ondorioz, frontoiak okerrerera egin zuela uste du Fernandezek. “Frontoiari hainbat zati kendu zizkioten, ezker pareta, errebotea, kontrakantxa eta eserlekuak. Borondate onarekin egin zuten, baina ez zuten asmatu”. Hala, gaur egun plaza nahiko egokia den arren, hainbat behar eta aldaketa behar dituela uste du Fernandezek. “Hesiz inguratuta gaude, eta plaza bat baino gehiago kartzela bat dirudi; frontoia oso txikia da, eta haurrak busti egiten dira euria egiten duenean. Gainera, hainbat kirol ekitaldi bertan behera utzi behar izaten ditugu”. Frontoia handitu eta estaltzea nahi dutela dio Fernandezek. “Frontoiak 30 metro izango balitu, dagokion kontrakantxarekin, Orixe ikastolak eskola kirolerako dituen jarduera guztietarako egokia izango litzateke. Ideia lehiaketa bat egitea proposatzen dugu, auzoaren betebeharrak betetzeko”, dio sendo.
Azken batean, inork baino hobeto ezagutzen du Trinitate plazaren historia Fernandezek, eta plaza kirol gune aproposa izateko egindako lanaren ostean, ez dago pozik, plazak ez dituelako kirolean aritzkeo baldintza guztiak betetzen. “Plaza honetan baratze batzuk zeuden, eta jesuitarrak sartu ziren, bertatik bota zituzten arte. Ondoren, komentuaren eraikin hori ospitalea, koartela eta kartzela moduan erabili zuten. Azkenean, 1890ean, presoak Ondarretako kartzelara eraman zituzten, eta eraikina bota egin zuten. Utzitako plaza hartan egin zuten lehen gauza bolatokia izan zen, gaur egun ehun urte baino gehiago izango lituzkeena. Peña Gantxegik eskua sartu zuenean, bolatoki hura kendu eta mendiaren azpian sartu zuen bolatoki berria; arazoak besterik ez zituen ekarri, hezetasunaren ondorioz. Gero, drogaren garaia iritsi zen, eta plazak oso itxura txarra hartu zuen. Egileek ez zioten plazari kasurik egiten, eta Alde Zaharra kirol elkarteak lekukoa hartu eta toki berari berrerabilpena eman zion, kirolerako bakarrik erabiliz”, gogoratu du Fernandezek. Hala ere, hasierako urte horietan, frontoia baino ezin zutela erabili dio. “Plaza ez zegoenez egoera egokian, dena frontoian egiten genuen, bai pelota, bai saskibaloia, bai futbola. Azkenean, 1992an, udalak plaza kirol anitzetarako egokitzea lortu genuen, eta bolatokiaren tokian aldagelak jarri zituen”, gehitu du Fernandezek.
Horrela, urteen poderioz plazan egin diren aldaketa batzuk onerako eta beste batzuk okerrerako izan direla uste du Fernandezek. “San Telmo Museoaren azken zabaltzearekin, esaterako, pintura eskola bat zegoen aurrealdea suntsitu zuten, leiho gotiko oso polit batzuk pikutara eramanez, eta inork ez du horretaz ezer ere esan”.