Juan Karlos Izagirre alkatea, Trinitate plazan. (Argazkia: E. Zabala)
Landetan asteburuan auto istripuan hil diren hiru mendizaleak gogoan izan ditu Juan Karlos Izagirre alkateak, gaur goizean. “Doluminak bidali nahi dizkiegu hiru mendizaleen familiei eta besarkada handi bat. Halako albiste batek pentsarazi egiten dizu; mendiarekin lotura handia zuten hiru lagun ziren, hainbat egoera arriskutsu biziko zituzten euren bizitzetan, eta horrela bukatu dute. Oso pertsona maitatuak ziren, Vasco de Campingeko bazkideak hiruak, guztiz elkarte donostiarra. Bazkide garenok familia baten moduan bizi dugula uste dut, eta oso kolpe gogorra izan da”, adierazi du alkateak. Momentuz, behintzat, udalak ez duela omenaldirik egiteko asmorik ere aipatu du. “Doluminak azkenean Vasco de Campingeko kide guztietzat eta hiri osoarentzat bidali behar ditugu, denontzat oso gogorra izan baita. Ostiralean ere antzeko egoera batean hil zen beste gazte bat, baina egia da aurrera egin beharra dagoela”.