Lilaton Taldeak Donostiako Atletikorekin akordio bat sinatu du lasterketaren jarraipena ziurtatzeko
Klub egitura eman nahi dio Lilatoiari.
Lilaton taldeak Donostiako Atletikori eman dio emakumeen lasterketa antolatzeko lekukoa. Akordio bat sinatu dute bi taldeek, emakumeen proba honen jarraipena ziurtatzeko asmoz. Martxoan 25 urte beteko ditu Lilatoiak, eta urtemuga berezi honetan Donostiako Atletiko laguntzaile gisa ariko da. Hurrengo urteetan, ordea, kirol elkartearena izango da ardura eta erantzukizun guztia.
Zergatik eman lekukoa Donostiako Atletikori? Lilaton taldearen lehen erronka emakumearen presentzia aldarrikatzea izan zen. Urtez urte hasierako helburu hura lortu duela uste du Lilaton taldeak, lasterketak lortu duen arrakasta eta parte hartzea ikusita. Horregatik, lasterketaren jarraipena bermatzeko beste erronka bati heldu dio Lilaton taldeak: Lilatoiari klub egitura ematea. “Lilaton-en identitatea eta arima feminista bermatzeko”, urrats hau aurrera eramatea erabaki egokiena dela iruditu zaio Lilaton Taldeari.
Donostiako Atletiko 1958an sortu zen, eta hasieratik emakume eta gizonen arteko berdintasuna nagusitu dela esan du Lilaton taldeak: “Gaur egun ere klubak filosofia bera mantentzen du, eta horregatik emakumearen partehartzea bultzatzen duen Emumezkoen Triatloia ospatzen du, nesken presentzia kirol ekitaldietan handitzearen helburuarekin”.