Craig Williamson, Zeelanda Berriko ordezkaria, Josu Ruiz eta Euken Sese. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Iaz 14 milioi eurotik gora sortu zituen surfak Donostian.
2011. urtean osatu zuten Surfaren Hirien Nazioarteko Sarea. Surf City Donostia taldeak sortu eta Sustapenak zuzendutako sarea da, eta herrialde desberdinetako esperientziak partekatuz surfaren inguruko jarduerak garatzea eta indartzea du helburu.
Josu Ruiz, ekonomia garapeneko zinegotziaren arabera, “surfak aukera asko ematen dizkio hiriari; kirol bat baino gehiago, ekonomia jarduera garrantzitsu bat izateko bidean garatzen ari baita”.
Garapen horretan indarrak batu eta egitasmoak sortzea da Surfaren Hirien Nazioarteko sarearen nahia. Izan ere, Ruizek esan duenez, “lanpostuak sortu, bisitariak erakarri eta kirola bera indartzeaz gain, surfak hiriaren irudia eta kokapena ematen ditu mundu mailan”.
Hamar kideko sarea
Orain arte bederatzi hirik osatu dute surf hirien sarea: Arika (Txile), Durban (Hegoafrika), Ericeira (Portugal), Hossegor (Frantzia), Gold Coast (Australia), Las Palmas (Kanariak), Newcastle (Australia), Santos (Brasil), eta Donostia. Hemendik aurrera hamar izango dira, Zeelanda Berriko New Plymouth ere taldean sartu baita.
Euken Sese, Sustapeneko zuzendariaren arabera, “surfaren inguruko jarduera guztia lantzeaz gain, taldeko herrialdeen arteko harremanak sendotzeko aukera ere ematen digu sareak”. Craig Williamson, Taranaki eskualdean surfa sustatzeko elkarteko kidea Donostian da egun hauetan, Zeelanda Berriko surf ohituren eta ezaugarrien berri emateko.
Zeelanda Berriko ordezkarien bisita honi esker surfaren inguruko proiektuak zertan diren aztertuko dute. Proiektu horien artean, surf estrategiak eta produktu turistikoak garatzea, hirietan surfak duen eragin ekonomikoa neurtzea edo ‘Olatuen gainean amesten’ itsuentzako eskaintzan oinarritzen den egitasmoa.