Amaya Arberas soprano donostiarrak kontzertua eskainiko du
Maitasun abestiak interpretatuko ditu Viktoria Eugenia Antzokian, bihar arratsaldean.
Amaya Arberas soprano donostiarra ibilbide arrakastatsua egiten ari da New Yorken. Hala, Lincoln Center, Carnegie Hall, Ellis Island Museoa, Symphony Space, Centro Cultural Cubano eta Teatro Repertorio Español moduko leku entzutetsuetan abestu du. Gainera, iaz, Nico Castel nazioarteko kantu-lehiaketako finalista izan zen. Hala ere, Arberasek tartetxo bat hartu du bere hirian ere abesteko, “urtean bi aldiz gutxienez Donostiara etortzen saiatzen naiz”, aipatu du gaurko agerraldian. Kontzertu berezia eskainiko du Arberasek bihar, 20:00etan, Viktoria Eugenia Antzokian. Sarrerak 25, 20 eta 15 eurotan daude salgai. Donostia Kulturak elkarlana egin du Asociacion de Cultura Musical-ekin kontzertua antolatzeko.
Ana Belen Garcia Perez pianoan eta Eduardo Baranzano gitarrarekin izango ditu lagun sopranoak. Hala, maitasun abestiak abestuko dituela zehaztu du, bere ibilbidean zehar lagun izan dituen abestiak: Monteverdiren Quel Sguardo Sdegnosetto, Paisielloren Nel Cor piu non mi sento, Verdiren La Zingara… “publiko guztientzako kontzertu egokia izango da”, zehaztu du Arberasek.

Amaya Arberas, erdian, gaurko aurkezpenean. (Argazkia: Lide Ferreira)