'La boda de los pequeños burgueses' antzezlan barregarria taularatuko dute Viktoria Eugenian
Marasmo Teatrok ostegunean eta ostiralean eskainiko du ezkontza bereziaren parodia.
Paco Sagarzazuk zuzendutako La boda de los pequeños burgueses antzezlana taularatuko du Marasmo Teatrok, Viktoria Eugenia Antzokian. Zehazki, urriaren 10ean eta 11n egingo dituzte emanaldiak, hau da, ostegunean eta ostiralean, 21:00etan; eta sarrerak 10 eurotan daude salgai. 1919an idatzitako obra bat da, baina 1926 arte ez zuten estreinatu; gainera, Marasmoko kideen esanetan, Kursaal zaharrean taularatu zuen azkenekoz Coliardos konpainiak. Gizartearen ordenamendu burgesa kritikatzen du egileak, Brechtek, ezkontza xelebre baten bidez. “Zerbait dibertigarria egin nahi genuen, ona, polita, eta merkea. Obra hau segituan etorri zitzaidan burura, eta hala egin dugu”, aipatu du Sagarzazuk gaurko aurkezpenean. Izan ere, Marasmo konpainia sortu berria da, eta ibilbide luzeko aktoreak batu dituen arren, talde moduan egingo duten lehen antzezlana izango da Viktoria Eugeniakoa. Ondoren, ez dakite elkarrekin lanean jarraituko duten, baina lehen esperientzia behintzat “oso polita” izan dela diote.
Pertsonaiak oso absurdoak direla diote obrako kideek, baina ziur daude horietakoren batean identifikatuak sentituko dela publikoa. Mahai baten inguruan bilduko dira pertsonaiak, egoera zentzugabe eta barregarriak sortuz, eta erritmo handiz jardungo dute. Oinarrian fartxa duela diote, eta ziur daude dibertigarria izango dela ikusleentzat. Groseko lokal batean prestatu dute antzezlana, eta oso material gutxirekin moldatu dira, ez baitaukate ekoizlerik. Hala, antzezlanean, armairu bat, bionbo bat, mahai bat, aulkiak, sofa bat eta ezer gutxi gehiago izango dutela azaldu dute.
Aste honetan Viktoria Eugeniara joaterik ez duenak aukera gehiago ere izango ditu. Izan ere, abenduaren 19an Aiete kultur etxean eskainiko dute antzezlan bera; eta otsailaren 21ean, berriz, Hendaian.

‘La boda de los pequeños burgueses’ antzezlaneko kideak. (Argazkia: Lide Ferreira)