
Gipuzkoa Basketek denboraldi berria aurkeztu du. (Argazkia: Lide Ferreira)
Gipuzkoa Basketek denboraldi berriari ekingo dio igandean, 18:00etan, Illunben. Sevillako Cajasol izango du aurkari, baina sasoiari ekin aurretik aurkezpen ofiziala egin dute gaur Aquariumen. Jokalariak, agintariak, kazetariak, argazkilariak… inork ez dio hitzorduari hutsik egin.
2013-2014 denboraldiari dagokionez, esperantzarako arrazoiak dituzte zaleek. Jakina da denboraldi-aurreak ez duela zerikusirik izaten lehiaketa ofizialarekin, baina ezin da ukatu garai interesgarria izan ohi dela talde baten mailaren berri izateko. Datu gehiagoren faltan, taldea goitik behera berritu dutela kontutan hartuta, Gipuzkoa Basket berri hau zer egiteko gai izango den aurreikusteko denboraldi-aurrea izan da aukera hoberena.
Asteotan lortutako emaitzei eta egindako jokoari erreperatuz gero, Donostiako zaleak itxaropentsu dira. Eta ez da gutxiagorako, Sito Alonso entrenatzaileak zuzendutako taldeak jokatutako zazpi partidetatik sei irabazi baititu, eta aurkariak ez dira nolanahikoak izan. Denboraldi-aurrean parez pare izan dituen Endesa Ligako talde guztiak garaitu ditu: Fuenlabrada, Laboral Kutxa, Bilbao Basket, Baloncesto Canarias eta Monbus. Pau Orthez izan da donostiarrak mendean hartu dituen bakarra, baina bi punturengatik soilik; Frantzian, gainera.
Ez da talderik egon 80 puntu baino gehiago sartu dizkionik Gipuzkoa Basketi. Horrenbestez, defentsak ere albiste onak ekarri ditu. Fitxaketa berriak ere ez dira atzean geratu; Jason Robinson, Charles Ramsdell eta Anthony Winchester, bereziki, David Doblas eta Javi Salgado beteranoek lagunduta.
Benetakoa, baina, igandean hasiko da. Ea orain arte emandako mailari eusten dion taldeak. Babeslerik gabe, goreneko mailan mantentzeko txartela bulegoetan lortu eta gero, badirudi Gipuzkoa Basket bere onena emateko prest dagoela.
[Gallery=108]