
‘Gabrielen lekua’ proiektuaren protagonistak. (Argazkia: Lide Ferreira)
Gabrielen lekua sentikaria musika, bertsolaritza, antzerkia eta bestelako kultur adierazpideak elkartzen dituen ikuskizuna da eta urriaren 12an, larunbatean, aurre estreinaldia izango da 20:00etan, Intxaurrondo kultur etxean.
Gaur goizean aurkeztu da sentikaria eta bertan izan dira Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, Amaia Almirall Donostia Kulturako zuzendaria, Xabier Monasterio Gabriel Aresti kultur elkarteko kidea, Oier Guillan idazlea eta antzerkigilea eta Ainhoa Alberdi aktorea izan dira.
Aurten, Gabriel Arestik 80 urte beteko lituzke eta Gabriel Aresti kultura elkarteak hainbat sortzaileri Arestik euren historian izan duen eraginaren inguruan galdetu die. Ikuskariak erantzun eta eragin horiek islatzen ditu: “disziplina desberdinak uztartzen dituen ordu eta erdiko ikuskizuna da”, azaldu du Almirallek eta batzuentzat lehen gerturatze bat izango den bitartean, beste batzuentzat oroitzapenak bilduko dituela adierazi du. Arestiren lekuak hartu dituzte ardatz eta leku horiek bere izaera eta obraren alderdirik garrantzitsuenekin lotuko dituzte.
Parte hartzaileen artean, Rafa Rueda musikaz arduratuko da; Andoni Egañak bertsolaritza gehituko dio ikuskizunari; Oier Guillanek Arestiren “ahotsa” jarriko du eta Ainhoa Alberdi aktore lanetan ibiliko da. Donostiako alkateak Gabriel Arestiren lanaz asko ikasteko daukagula esan du eta “obra hunkigarria eta berezia” izango dela azpimarratu du.
Sentikaria urriaren 12an, larunbatean, ikusi ahal izango da, Intxaurrondo kultur etxean eta egun bat lehenago, Intxaurrondo eta Egiako Lauaizeta Ikastetxeko DBH 4.mailako 100 ikasle gerturatuko dira, emanaldia bere sorkuntza prozesuan ikusi eta sortzaileekin mintzatzeko.