Turismoari dagokionez, uda bikaina izan da aurtengoa
Eustaten datuen arabera, ekaina, uztaila eta abuztuan 159.456 bisitari izan ditu Donostiak.
Turismoak oso datu onak utzi ditu udan bisitari kopuruari dagokionez, gaualdiei dagokionez eta baita zeharka edo zuzenean sortutako irabaziei dagokionean ere. Josu Ruiz garapen ekonomikoko zinegotziak adierazi duenez, “turismoa ez da bisitari kopurua bakarrik; kate luze bat da eta kate maila bakoitzarentzako da onuragarria turismo datu positiboak lortzea. Hotelak, ostatuak, jatetxeak, dendak, tabernak, merkatari txikiak, ekoizleak…guztiak atera dira irabazten”.
Udako datu onak “pozik egoteko modukoak” direla adierazi du Ruizek, baina emaitza horiek ez direla kasualitatea. “Legealdiaren hasieran turismoa indartzeko asmoa adierazi genuen, baina ez udakoa bakarrik, urte osokoa baizik. Donostiako turismoa bikaina eta jasangarria izaten jarraitzeko lanean segi beharra daukagu; ezin dugu emaitza onekin itsutu”, esan du Ruizek.
Datu adierazgarriak
Ekaina, uztaila eta abuztuko datuak kontuan izanik, 357.761 gaualdi zenbatu dira Donostian, iaz baino ia %3 gehiago. 159.456 bisitari etorri dira hirira, eta horien artean atzerritarrak izan dira nagusi, turismoaren nazioartekotze joerari eutsiz.
Atzerritik etorritako bisitari kopuruak nabarmen egin du gora (%56’78). Frantzia (%21), Alemania (%4) eta Erresuma Batukoak (%3) dira gehienak, baina aurten Holanda eta Australiatik etorritako turisten gorakada nabarmendu dute.
Kataluniarren gorakada ere aipagarria dela adierazi dute; urte guztian etortzen dira kataluniarrak baina aurten udan ere hauek izan dira nagusi.
Turismo bulegoak emandako datuen arabera, hiru hilabeteetan ekaina izan da ahulena eta abuztua, berriz, bikaina. Manu Navaez, Donostia Turismoko zuzendariaren arabera, iraileko datuak ere onak izatea espero dute.