Eneko Goia. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Erakunde adierazpen bat aurkeztuko dute hurrengo udalbatzarrean landu eta Espainiako Gobernuari erantzunkizunak eskatzeko.
Abiadura Handiko Trenaren lanak aurrera doazela, eta Donostiako geltokiari buruzko zehaztasunik ez dutela salatu du EAJk. Egoeraren aurrean kezkatuta daudela adierazi du Eneko Goia, zinegotzi jeltzaleak eta hurrengo udalbatzarrean lantzeko erakunde adierazpen bat aurkeztuko dutela aurreratu du.
Adierazpen horren bitartez Espainiako Gobernuari erantzunkizunak eskatzeko beharra jarriko dute mahai gainean. Eneko Goiaren hitzetan, “udal talde guztiok batera egin behar dugu lan gai honetan, indarrak batuta eskatu behar dizkiogu argibideak Espainiako Gobernuari; ezin diogu tren honi pasatzen utzi, eta ezta atzeratzen utzi ere”.
AHTak Donostian izango duen sarbidea eta hiriko geltokia nola egingo duten jakin nahi dute jeltzaleek. Izan ere, “Madrilen hartzen dituzten erabakiek eragin handiak izan ditzakete Donostian, eta erabaki horien berri lehenbailehen izatea ezinbestekoa da”, esan du Goiak.