"Euskal ereduetako ikasleak ere erdaldundu nahi ditu indarrean jartzera doan lege berriak"
Donostiako Euskal Herrian Euskaraz-ek urriaren 12an LOMCEren aurkako manifestazioan parte hartzeko deialdia egin du.
Euskal Herri euskaldun batean bizi nahi dutelako, eta euskararen normalizazioari mugak ezartzen dizkiolako, Donostiako Euskal Herrian Euskarazek LOMCEren aurkako protestan parte hartuko du. Bilbon izango da manifestazioa, urriaren 12an, larunbatean. Jose “Gure asmoa ikasleak espainolizatzea da”, esan zuen Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak, eta EHEk uste du argi mintzatu zela, eta hain zuzen ere, horretarako sinatu zuela onartu berria den Hezkuntza Erreforma. LOMCEk euskararen normalizazioari mugak ezartzen dizkiola adierazi du: “Hizkuntza ordezkapenaren bidez euskaldunak asimilatu egiten ditu. Aipatutako legeak, Euskal Curriculumetik are urrunago kokatzen gaituzten eta ikasleen euskalduntze pattalari ateak are eta gehiago ixten dizkioten neurriak jasotzen ditu”.
Donostian, “Euskararen hiriburuan”, 10.100 gazte erdal ereduetan ikasten ari direla plazaratu dute: “Hori gutxi balitz, euskal ereduetako ikasleak ere erdaldundu nahi ditu indarrean jartzera doan lege berriak. Baina gu ez gaude hori onartzeko prest”. LOMCEren aurrean indarrak batu eta erantzuteko beharra azpimarratu du. Halere, erasoei erantzuterako garaian, egungo hezkuntza sistemaren defentsa egitea akats bat delakoan dago EHE: “Ereduen hezkuntza sistema honek ez du inondik inora euskararen ezagutza bermatzen. Hori ere salatu beharra dago!”.
Euskalgintzak eskola euskaldunaren bidean urratsak ematea ahalbidetuko lukeen proposamena duela adierazi du: “Kontseiluak onartutako Ikasle Euskaldun Eleanitzak Sortzeko Proposamena, alegia. Zorionez, ikasturte honetan Egiako Aitor Ikastolan martxan jarri da berau”.
Guzti horren gainetik aurrerapausoak ematen hasteko garaia dela uste dute Donostiako Euskal Herrian Euskaraz-eko kideek, eta datorren larunbatean, urriaren 12an, Bilbon egingo den manifestaziora joateko deialdia luzatu dute.