"Gure auzoetan lan politikoa eta kulturala egiteagatik epaituko gaituzte"
Astebeteko epean hiru prozedura judizialetan auzipetuta dauden 33 donostiar epaituko dituzte.
Lehen epaiketa ostiralean izango da, Donostiako epaitegian. 2009ko hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea aldarrikatzeagatik epaituko dituzte 24 donostiar.
Bulebarrean, Aske Gunea eraiki zen leku berean, hurrengo egunetan Donostian eta Madrilen egingo diren epaiketen aurrean indarrak biltzeko deia egin dute. Izan ere, astebetean hiru prozedura judizialetan auzipetuta dauden 33 donostiar epaituko dituzte. Hiru eta hamar urte arteko espetxe zigorrak eskatu dituzte auzipetuentzat.
Antiguako Ane Sarriegik eta Groseko Agus Rodriguezek hartu dute hitza gaur arratsaldean prentsa aurrean auzipetuen alde egin duten agerraldian. Biak ala biak auzipetuak daude. Sarriegi, 2009ko hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea aldarrikatzeagatik, eta Rodriguez, herriko tabernekin lotutako auzian.
Epaiketa hauen atzean dagoen arrazoia, militantzia politikoa zigortzea dela salatu dute: “Gure auzoetan lan politikoa eta kulturala egiteagatik zigortu nahi gaituzte”. Gainera, epaituak izan gabe ere auzipetuek jaso duten zigorra handia dela adierazi dute: “Hemen gaudenetatik batzuk torturatuak izan ziren inkomunikatuta izan ziren egunetan, urtebete baino gehiago egon dira behin behineko espetxealdian eta milaka euro ordaindu behar izan dituzte bermeetan.
Epaituko dituzten epaileengan konfiantzarik ez dutela plazaratu dute, eta berme juridikorik gabe epaituko dituztela salatu dute: “Helburu politikoa duten prozeduretan afera juridikoak bigarren mailakoak dira eta epaia ez dute epaileek idazten”. Beraien aurka dituzten froga bakarrak txostenak, DVDak, kamisetak, musika eta elkarteen bileretako aktak direla azaldu dute.
Lehen epaiketa ostiralean, urriaren 11n, izango da Donostiako epaitegian. 2009ko hauteskunde autonomikoetan legez kanporatzea salatu eta parte hartzeko eskubidea aldarrikatzeagatik 24 donostiar epaituko dituzte. Hiru urte arteko espetxe zigor eskaerei aurre egin beharko diete. Ostiralean bertan epaiketa salatzeko deialdia egin dute. Kontzentrazioa egingo dute Egiako epaitegiaren aurrean, 09:00etan.
Madrilgo Auzitegi Nazionalean izango dira beste bi epaiketak. Lehena urriaren 14an izango da. Segiko kide izatea egotzita epaituko dituzte Garazi Rodriguez, Asier Coloma, Mikel Eskiroz, Maialen Eldua, Eihar Egaña eta Aitziber Arrieta.
Urriaren 17an, herriko tabernen aurkako 35/02 sumarioko epaiketa egingo dute. Juani Lizaso, Joseba Alvarez eta Agus Rodriguezek deklaratuko dute epaiketa honetan. Epaiketa honen jopuntuan egongo dira gainera Antiguotarrak, Hontza, Illunki, Herria eta Marruma elkarteak. Madrilen epaituko dituztenen aurkako espetxe zigorrak 6 eta 10 urte artekoak dira.
Egoera hau aldatzeko gakoa “herritarren baitan” dagoela adierazi dute. Horregatik, herri harresia eraikitzeko dei egin dute: “Elkartasuna eta konpromisoarekin, denom ekarpen txikiaz, lortuko dugu epaiketa politikoak gelditzea”.
Urriaren 19an herri harresiak osatuko dituzte auzo desberdinetatik abiatuta, 12:00etan. Ondoren, 13:00etan ekitaldi bat egingo dute Grosen. Epaiketen aurkako atxikimendua emateko dei ere egin diete donostiarrei Libre.epaiketarikez.org helbidean. Urriaren 26an manifestazioa egingo dute Bilbon.