Autobus gidaria, Tableta alboan duela. (Argazkia: Dbus)
Munduan lehen aldiz jarri dute abian EKObus sistema; modu eraginkorragoan gidatu eta geltokietara zehaztasun handiagoz iristen lagunduko duen sistema da.
Dbusek bere autobusen eraginkortasun energetikoa eta zerbitzuaren puntualtasuna hobetzeko sistema berritzailea instalatu du autobusetan: Ekobus.
Hiriko hainbat autobusetan jarri dute sistema berria froga gisa (5, 25 eta 28 lineatan zehazki) eta hilabeteak daramatzate emaitzak aztertzen, baina gaur aurkeztu dute sistema. Komunikabideen aurreko argibideen ondoren, herritarrei, gidariei eta garraio munduko beste hainbat adituri ere azalpenak eman dizkiete udalbatza aretoan.
Carlos F. Daganzo, herritarrei argibideak ematen. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Udal ordezkariez eta Dbuseko ordezkariez gain, Carlos F. Daganzo, Berkeleyko (Kalifornia) Unibertsitateko Garraioaren Zientziaren katedraduna eta ikertzailea izan da sistema berriaren argibideak eman dituena. Mugikortasunean, eta bereziki hiri garraioan aditua da F. Daganzo, Via Analytics enpresako kidea. Berarekin batera Iñigo Odriozola, Datik enpresako ordezkaria izan da. Izan ere, EKObus sistema bi enpresek elkarrekin garatutako sistema da.
-EKObus: eraginkorra eta zehatza
Autobus gidariek
Tablet bat edukiko dute une oro nola gidatu behar duten esaten diena. Iñigo Odriozolak azaldu duenez, autobus bakoitza, ibilbide bakoitza eta gidari bakoitza aztertzen dira, eta bakoitzari behar zaizkion azalpenak ematen zaizkio. “Gidariei une oro zenbateko abiaduran joatea komeni zaien esaten zaie, adibidez”, esan du Odriozolak.
EKObus sistemaren aurkezpena. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Dena den, puntualtasuna da erabiltzaileek gehien eskertzen duten zerbitzua, eta horretan ere lagunduko du EKObus sistemak. Ibilbide bereko autobusen arteko tartea eta maiztasuna orekatzeko gidariei abiadura moteldu edo azkartu behar duten adierazten zaie, eta baita geltokian eman beharreko denbora zehatza eta geltokitik irteteko une zehatza ere. Carlos F. Daganzoren arabera, “argibide txikiak dira, baina eraginkortasuna nabarmen hobetuko da”.
Momentuz 5, 25 eta 28 ibilbieetan ari dira EKObus sistema probatzen, linea hauen arteko maiztasuna oso handia delako, eta sistemaren eraginkortasuna neurtzeko oso egokiak dira. Emaitza onak lortzen badira sistema aitzindari hau hiri osora zabalduko dute.