Margarethe Von Trotta zinemagilearen hiru film eskainiko dituzte Antzoki Zaharrean
Emakumeen Etxeak Zinema Zikloa antolatu du bigarren urtez jarraian; urriaren 10ean, 11n eta 17an egongo da lanak ikusteko aukera, eta sarrera doakoa izango da.
Emakumeen Etxeak II. Zinema Zikloa antolatu du, eta oraingoan, Margarethe Von Trotta zinemagile alemaniarrari eskainiko dio. Iaz bezalaxe, Antzoki Zaharrean egongo da filmak ikusteko aukera, eta sarrera doakoa izango den arren, aurrez gonbidapenak eskuratu beharko dira; bai Emakumeen Etxean bertan, bai Antzoki Zaharreko txarteldegian. Zehazki, urriaren 10ean, 11n eta 17an eskainiko dituzte pelikulak, 19:30ean: Ahizpa alemaniarrak (1981), Arrosen kalea (2003) eta Andere Zoramena izango da, hurrenez hurren, filmeen eskaintza.
Zikloaren aurkezpena egin dute Emakumeen Etxean, gaur goizean, eta bertan azaldu dutenez, iazko zikloak arrakasta izan zuen eta antzokia ia guztiz betetzea lortu zuten. “Aurtengo ziklorako aukeratu ditugun hiru filmeek Margaretheren kezkak islatzen dituztela uste dugu; emakumeen arteko harremana, ahizpen arteko harremana… bere pelikuletan nahastu egiten ditu emakumeen barneko mundua eta kanpoko mundua”, azaldu du Juana Arangurenek. Antzokian eskainiko duten film bakoitzaren aurretik aurkezpen bat egingo dute, eta bai emakumeentzat bai gizonentzat ateak zabalik dituztela azpimarratu dute. Margarethe Von Trotta Berlinen jaio zen 1942an, eta aktore, gidoilari, zuzendari laguntzaile eta zuzendari lanetan aritu izan da. Emakumeen inguruko hainbat gai landu izan ditu bere sorkuntzetan, hala nola, emakumeen eboluzioa, emakumeen barne munduaren ikerketa…
Emakumeen Etxeko zinema sailak antolatu du Zinema Zikloa, Donostia Kulturaren laguntzarekin. Gainera, urtean zehar jarduera gehiago antolatzen ditu Emakumeen Etxeko zinema sailak, hala, hilabete bakoitzeko bigarren asteartean, zinema foruma egiten dute, Emakumeen Etxean bertan. Filmak ikusi, eta ondoren eztabaida zabaltzen dute. Hala ere, hilabete honetan ez dute halakorik egin, Zinema Zikloa dela eta.