Santa Katalinako bilgailuaren zulaketa lanak. (Argazkia: Añarbeko Urak)
Zulaketa sistemaren bidez 350 zuhaitz botatzea saihestu dute.
Santa Katalina saneamendu bilgailuaren azken zatiaren zulaketa eta eraikuntza (Gernikako Arbola pasealekuko San Jose Ikastetxearen eta Foruen pasealekuaren hasiera) gaur goizean amaitu dute.
Makina mikrotuneladora batek 117 lanegun behar izan ditu, astelehenetik larunbatera, bilgailu berriaren 1.049 metroak zulatzeko. Lehen zatia (Araba parkeko putzua eta Gernikako Arbola pasealekuko San Jose Ikastetxearen artean) martxoaren 22tik apirilaren 16a bitartean gauzatu zuten; bigarrena (Araba parkeko putzua eta Azpeitia kalearen artean), maiatzaren 14tik uztailaren 11a bitartean; eta hirugarrena (San Jose Ikastetxea eta Foruen pasealekuaren hasiera bitartean), abuztuaren 20tik gaur goizera arte.
Makinaren bataz besteko abiadura 9 metrokoa izan da eguneko; hau da, bataz beste ia-ia lau hodi jarri dituzte (bakoitza 2,5 metrokoa) lanegun bakoitzeko, zulatu beharreko lurzoruaren ezaugarriak egokiak izan baitira.
Eragin gutxiko lanak
Zulaketaren teknikari esker zangak egin gabe gauzatu dira lanak, eta herritarrek ia ez dute eragozpenik jasan: zarata eta kutsadura, lurpeko zerbitzuentzako arriskua, trafiko aldaketak, zuhaitzen mozketa, lurrak eta materialen garraioa…
Ahalegin berezia egin dute lanek eragindako guneetako zuhaitz eta landareak zaintzeko. Zulaketa sistemari esker 350 zuhaitz moztea saihestu dute, eta ateratako zuhaitzak berriro landatu ditute.
1.000 metroko luzera eta 1,5 metroko diametroa dituen saneamenduko bilgailu berriak 3,4 milioi euroko aurrekontua du eta Uraren Euskal Agentziaren eta Añarbeko Uraken artean sinatutako lankidetza hitzarmen bati esker gauzatu dute.