Zorroagako eliza agertoki bihurtuko dute Kutxa Kultur Musika zirkuituan
http://youtu.be/sjxYLFWxR6E
The Pastels, Elkano Browning Cream, Youth Lagoon, Tristan Crowley, The New Mendicants eta Michael Giraren zuzenekoak ekarriko ditu udazkeneko programak.
Kontzertu bereziak, eta agertoki bereziak. “Delicatessen ziklo bat” aurkeztea pozgarria dela aitortu du Ginmusikako arduradun Sergio Cruzadok. Gizarte Kutxako arduradun Iñaki Altunarekin batera aurkeztu du Kutxa Kultur Musika zirkuituak ekarriko dituen hurrengo zuzenekoak.
Ikusmin handia piztu duten kontzertuz betetako programazioa dakarrela adierazi du Sergio Cruzadok: “Talde askok iragarrita zituzten Donostiako emanaldi hauek, eta dei asko jaso ditugu. Horregatik pentsatzen dugu orain aurkezten ari garen kontzertu hauek ez direla ikusteko errazak, eta jendea gogotsu dagoela horietara joateko.
Kutxaren Andia kaleko aretoa estreinatu zuten joan den zirkuituan, eta oraingoan ere programan sartuko da espazio hau. Zorroagako eliza eta Kubo aretoa izango dira ziklo honek erabiliko dituen agertoki berri eta bereziak.
The Pastels izango da programa honetako izarra. Eskoziako 80ko pop eszenako talde esanguratsuenetakoa da. Eragin handia izan du azken urteetako pop musikan, eta esango nuke Donostian ere eragin handia izan duela. Askok eredu gisa dute taldea. Zarautzen joko dute urriaren 18an, ostiralean. The Pastels taldearen zale amorratuak dira Bassmatti & Vidaur musikariak, eta haiekin hasiko da emanaldia, Modelo zineman, 21:00etan.
Hurrengo kontzertua Zorroagako elizan izango da, azaroaren 8an. Youth Lagoon musikariak estreinatuko du agertoki berezi hau. Trevor Powers izena du 22 urteko mutiko honek. Idahoko (AEBak) arropa kate bateko saltzaile izateari utzi zion The Year of Hibernation kaleratu ondoren. Musika hedabide independente guztien ahotan baitabil gazte honen lana. Lehendabizi Kanadako talde batek joko du: DD/MM/YYYY taldearen errautsetatik sortutako Absolutely Free taldeak.
Abenduaren 5ean The New Mendicants taldea etorriko da Kutxaren Andia kaleko aretora. Ibilbide luzeko bi musikari elkartu ditu proiektu honek: Teenage Fanclub taldeko abeslari Norman Blake eta AEBetako indie pop estiloaren printzetzat duten Joe Pernice. Donostian bizi den irlandar batek hasiko du emanaldia: Tristan Crowley-k.
Urtarrilaren 31n Elkano Browning Cream taldeak urte bukaeran aurkeztuko duen diskoko kanta berriak aurkeztuko ditu zuzenean. Kubo aretoan joko du Mikel Azpiroz donostiarraren taldeak. Programako doako kontzertu bakarra izango da hirukotearena. Kontzertuaz gain, erakusketa bat ere eskainiko du Kutxa Kultur Musika programak. Kubo aretoan bertan zirkuituan parte hartu duten sortzaileen argazkiak eta lanak izango dira ikusgai. Izan ere, urtarrilaren bukaeran Kubo aretoa hutsik egongo da. El paso erakusketa eta hurrengo erakusketa berriaren arteko tarte horretan egingo dute-eta kontzertua.
Michael Gira, Swanseko abeslari ere izango da Kutxa Kultur Musika zirkuituan. Cruzadoren hitzetan, AEBetako underground eszenako talde erreferente bat izan da Swans: “Musika aldizkari guztietako azalak hartu ditu, eta 2012ko zuzeneko onenen zerrenda guztietan egon da”. Musikari eta abeslaria bakarrik etorriko da Andia kaleko aretora martxoaren 7an. Hiriko musika eszena aberasten ari den musikari batekin hasiko da emanaldia. Egun Donostian bizi den Charlie Atkins musikariarekin.