'Bakearen usoa' Amaran egotearen inguruko hausnarketa egin du Karlos Martinezek
Ikerketa lanaren ondorioz sortutako ‘In material’ erakusketa zabaldu du artistak Esnest Lluch kultur etxean.
Zurriolan jarri zuten bere garaian Nestor Basterretxeak sortutako eskultura handia, Bakearen usoa, 1988an. Zergatia guztiz argi ez badago ere, Kursaaleko lanak egiten hasi ziren garaian, obra hura lekuz mugitzera behartuak ikusi ziren hiriko arduradurak. Hala, Amara Berriko Aita Donostia plazara mugitu zuten behin behinekoz. Denbora tarte baterako izan behar zuen aldaketa hori, ordea, estatikoa bihurtu da, Bakearen usoak ia 20 urte bai daramatza auzotik mugitu gabe. Karlos Martinez artista durangarrak aldaketa horren inguruko hausnarketa bat egin du, eta Ernest Lluch kultur etxean jarri du horren emaitza, In Material erakusketan.
Lana osatzeko, Basterretxea berarekin hizketan aritu da Martinez, eta erakusketan bien artean izandako hizketaldi horiekin osatutako ikus-entzunezko bat jartzeko asmoa dute. Martinezek ez du ondoriorik atera nahi izan, bisitari bakoitzak bere ondorioa ateratzea baita bere asmoa.
Gaur bertan zabaldu dute erakusketa eta abenduaren 10a arte egongo da ikusgai. Sarrera doakoa da, noski, eta erakusketarekin batera auzoko ikastetxeekin lan egiteko asmoa dute, tailer batzuen bidez.

Karlos Martinez B., Ernest Llucheko erakusketan (Argazkia; E. Zabala)