Enpresa txiki eta ertainei krisia gainditzen laguntzeko topaketa egingo dute
Datorren asteartean, urriak 15 egingo dute Enpresekin topaketa Kursaal auditorioan; dagoeneko 300 pertsonek eman dute izena.
Sustapenak Donostia Enpresekin topaketa antolatu du Krisiaren aurkako pieza giltzarriak lelopean. Enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna hobetzea izango da topaketa hauen helburua. Finantzaketaz, teknologia berriez edo nazioartekotzearen beharraz arituko dira solasean, arlo hauetako hainbat adituren gidaritzapean.
Era berean, enpresek beren esperientzia azalduko dute, nazioarteko merkatuetara irekitzearen inguruan edo berrikuntza arloko proiektuak garatzearen inguruan. Inbertsiogile pribatuak, finantza erakundeak eta ikerketa zentroak ere topaketan izango dira, finantzaketa lortzea eta garapan teknologikoa lantzea izaten baitira enpresa gehienen arazorik ohikoenak. Euken Sese, Donostia Sustapeneko zuzendariak adierazi duenez, hamar enpresatik batek bakarrik lortzen du aurrera egiteko erakundeen diru laguntza. “Modeloa aldatu beharra dago, eta Enpresekin topaketa bezalako jardunaldien bidez horretan lagundu nahi dugu”.
Jardunaldia urriaren 15ean egingo dute Kusaaleko auditorioan, 9:00etatik 14:30era. Eta bertara joan nahi duten herritarrek doan izena eman dezakete fomentoss@donostia.org helbidera idatzita edo 943 482 800 telefonora deituta. Bestalde, jardunaldiko saioei buruzko informazio guztia Sustapenaren orrialdean topa daiteke.