
Auzipetuak, epaiketaren lehen saioa bukatu eta gero. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Astebeteko epean aurreikusitako hiru epaiketa politikoetatik lehena gaur hasi dute Egiako epaitegietan. 24 donostiar daude auzipetuak, 2009ko hauteskundeetan parte hartzeko eskubidea aldarrikatzeagatik. Hiru urte arteko espetxe zigor eskaerak daude mahaigainean. Gaur goizekoa deklarazioen txanda izan da.
Hain zuzen ere, lehen saioan abokatuen galderei bakarrik erantzun diete auzipetuek, fiskalari erantzuteari uko egin eta gero. Epaiketa politikoa dela salatu dute, eta horregatik ez dutela fiskala aintzat hartuko azaldu dute. Auzipetuek nabarmendu dute hauteskunde egunean ez zutela botoa ematea oztopatu eta ez zutela inor iraindu. Era berean, D3M alderdiaren boto txartelarik ez zutela egin esan dute.
Epaiketak astelehenean izango du jarraipena, lekukoek hartuko baitute hitza. Konklusioen saioa asteazkenean izango da.
Datozen egunetan epaiketa politiko gehiago egingo dituzte, hainbat donostiar tartean direla. Hain zuzen ere, Madrilgo Auzitegi Nazionalean abian dira beste bi prozedura judizial. Astelehenean hasiko da hurrengo epaiketa. Segiko kide izatea egotzita epaituko dituzte Garazi Rodriguez, Asier Coloma, Mikel Eskiroz, Maialen Eldua, Eihar Egaña eta Aitziber Arrieta. Urriaren 17an, berriz, herriko tabernen aurkako 35/02 sumarioko epaiketa egingo dute. Juani Lizaso, Joseba Alvarez eta Agus Rodriguezek deklaratuko dute epaiketa honetan. Epaiketa honen jopuntuan egongo dira gainera Antiguotarrak, Hontza, Illunki, Herria eta Marruma elkarteak. Madrilen epaituko dituztenen aurkako espetxe zigorrak 6 eta 10 urte artekoak dira.