Beñat Gaztelumendi: "Hasieran kostatu egin zait, baina gero bakarka gustura egon naiz"
Behetik gora egin du gaur Beñat Gaztelumendik, Altsasuko saioan. Horixe azaldu dio kanporaketa amaitzerakoan, Info7 irratiari. “Hasieran, zortziko handian eta txikian, kostatu egin zait, baina gero bakarka gustura egon naiz”, azaldu du añorgatarrak. Kartzelako ariketarekin oso ondo sentitu dela aitortu du. “Nahiko azkar hasi naiz, ideia berehala etorri zait, eta gero bertsoa doinuarekin joan da osatzen”, adierazi du.
Saioari dagokionez, kartzelan izan direnean bertsolarien artean aipatu dute nahiko erregularra izan dela. “Gure artean aipatu dugu ez dela inor erori. Ez da saioa lehertu, baina denok eman dugu zerbait”, esan du.
Finalaurrekoetarako sailkatu ostean, Murgian izango du hurrengo saioa, Aitor Mendiluze eta Sustrai Colinarekin batera, besteren artean. “Gure gainetik diren bi bertsolari izango ditugu, kinieletan behintzat. Saioa goitik joko du, eta horrek lasaitasuna emango digu. Ea lotsagabe xamar aritzen garen”, erantsi du. Murgiako finalaurrekoa azaroaren 17an izango da, 17:30ean, Palatu kiroldegian.