Jipoia jasota itzuliko da Bera Bera Kroaziatik (29-18)
Bera Bera Eskubaloiak Txapeldunen Ligako bigarren partida jokatu zuen atzo Kroaziako Koprivnika hirian, Prodavka Vegeta taldearen aurka. Partida berdinduta hasi bazen ere, lehenengo zatiaren erdialdean etxekoak indartsuagoak zirela agerian geratu zen. Hain zuzen ere, Prodavkaren 6-0eko defentsa gogorra oztopo handia bilakatu zen Imanol Alvarezek entrenatutako jokalarientzat. Hori gutxi balitz, kroaziarren izar Zivkovicek (serbiarra bera) egun bikaina izan zuen, eta urrutiko jaurtiketekin min handia egin zien donostiarrei.
Atsedenaldirako dena erabakita zegoela zirudien (14-7), eta hala izan en, bigarren zatian aldea handitu baitzuen Prodavkak. 13 goleko errenta izatera iritsi ziren etxekoak (27-14). Ziarsolok buruz buruko defentsa egin zion Zivkovici, baina serbiarra ez zen arazo bakarra, beste jokalari batzuk ere fin ibili baitziren kroaziarren aldetik. Azkenean, 29-18ko emaitzarekin amaitu zen norgehiagoka.
Bera Berak Norvegiako Larvik taldearen aurka jokatuko du Txapeldunen Ligako hirugarren jardunaldian. Datorren igandean izango da, 12:15ean, Gaska kiroldegian. Lehenago, donostiarrek Ligako partida jokatuko dute asteazkenean, 19:00etan, Kordobako Adesalen aurka. Bidebietan izango da norgehiagoka hau. Txapeldunen Ligan ez bezala, Bera Bera bikain dabil Ligan: lehen postuan da, Helvetia Alcobendas taldeak Kanarietan galdu eta gero.