Aita Abarzuzako bizilagunak beren etxeak nola botatzen zituzten begira. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Asko izan dira Aita Abarzuzako eraikinak nola botatzen zituzten ikustera gerturatu diren bizilagunak. Bertan jaiotakoak batzuk, bertan bizi eta orain Morlansen daudenak beste batzuk. Etxebitzak egoera txarrean zeudela jakin arren, pena sentitu dute gehienek. Dena dela, guztien artean antzeko aipamenak: pena bai baina hoberako izatearen esperantza, urtetako eskaerei erantzuna, etorkizunari begirako zalantzak…
Aita Abarzuzan bota duten lehen eraikinaren hormak erraz erori dira. Begira zeuden bizilagunen oroitzapenak ez dira hain erraz birrinduko, ordea. Zurrumurru ugari entzuten zen makinaren zarataren azpitik. Margari Esparza anai-arrebekin etorri da, adibidez. Hautsitako leihoetatik, beren jaiotetxea izandakoaren ormak ikus zitezkeen. ‘Donosti Eder’ irakur daiteke oraindik atarian. Ederra izan da auzoa Esparzatarrentzat. Mila bitxikeria, oroitzapen eta umetako istorio ekarri dituzte gogora, atzealdean makina bat iragan hori apurtzen ari zela ohartu ere egin gabe.
Etorkizunari ilusioz begiratzen diote, ordea, Aita Abarzuzako bizilagunek, eta urtetan zain egondako berreraikuntza ikustea espero dute laister. Lanberri auzo elkarteko kideek ere bat egiten dute gogo horrekin. 2013ko uholdeek puntu garrantzitsu bat markatu omen zuten Txomin Eneako historian, baina beraientzat urte luzez landutako borroka da, eta horretan jarraituko dute.
Eraiste lanak
UTEAS enpresako teknikariek azaldu dutenez, lau fasetan banatuko dituzte Aita Abarzuzako lanak. Lehen fasean ur eta gas hodien eta telefono nahiz argindar sarearen desbideratzea egin dute. Ondoren, eraikin guztiak hustu dituzte, altzariak eta bestelako hondakinak ateraz.
Gaur hirugarren fasearekin edo eraiste lanekin hasi dira, eta lau astez luzatuko dira lanak. Bukatzeko, beste hainbeste beharko dute, eraiste lanen ondorioz sortutako hondakinak bereizi eta sailkatzeko. Izan ere, erabilgarria den material guztia auzoan bertan geratuko da, eta auzoaren maila igotzeko betelana egiteko erabiliko dute.