Auzitegi Nazionaleko aretoan puxika laranjak puzteagatik bota egin dituzte
Auzipetuak berriro aretora sartuta, hasi da 40 gazteren aurkako epaiketa.
Gazteak areto barruan zirela, puxika batzuk puztu eta aireratu dituzte, eta guztiak bertatik egotzi ditu epaileak. Berriro sarrarazi dituzte gero, eta ekin diote epaiketari. Auzipetuetako lau ez dira epaiketara agertu: Unai Ruiz, Goizane Pinedo, Irati Mujika eta Idoia Iragorri.
Sei donostiar auzipetuta
Garazi Rodriguez (Gros), Asier Coloma (Parte Zaharra), Mikel Eskiroz (Intxaurrondo), Maialen Eldua (Egia), Eihar Egaña (Amara) eta Aitziber Arrieta (Parte Zaharra). Segiko kide izatearen akusaziopean epaituko dituzte Madrilgo Auzitegi Nazionalean, Euskal Herriko beste 34 gazterekin batera. Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak 2009an egindako sarekadan atxilotuak izan ziren. Asier Coloma izan ezik. Coloma ez zuten etxean aurkitu hura atxilotzera joan zirenean. Urtebete geroago atxilotu zuten Lapurdin.
Inkomunikazio aldian torturak pairatu izana salatu zuten gaurtik aurrera epaituko dituzten sei gazte donostiarrek. Fiskalak seina urteko espetxe zigorra eskatu du guztientzat.
Euskal Herriko gazte mugimenduaren aurka inoiz egin den epaiketarik handiena da gaur hasiko dena. Hiru saio egingo dituzte, goizeko 10:30ean hasita, gaur, bihar eta etzi. Ondoren, azaroaren 25, 26 eta 27an, eta abenduaren 9, 10 eta 11n daude jarrita auzi saioak, baina gehiago ere izan litezke.
2009ko azaroaren 24ko gauean 34 gazte atxilotu zituzten Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, Fernando Grande Marlaska epaileak agindutako operazioan. Beste zazpi gaztek ihes egitea lortu zuten, eta Auzitegi Nazionalaren atarian —epaile aurrean aurkeztera joanda—, Lapurdin eta Erroman atzeman zituzten beranduago. 650 polizia eta guardia zibilek parte hartu zuten, eta Euskal Herrian izan zen Grande Marlaska bera ere.