Zergen gaineko 77 zuzenketa aurkeztu ditu PSE-EEk
Ogasun batzordeak bilera izan du gaur, eta udal gobernuak sozialiestek aurkeztutako 77 zuzenketa onartu dituela adierazi du PSE-EEk.
Ernesto Gasco pozik agertu da, sozialisten zuzenketei esker “donostiarren gaineko zergak egokitzea” lortu dutelako. Bere hitzetan, “krisi garai hau ez da egokiena herritarrak gehiago estutzeko, baina tasa eta zerga guztiak bere horretan uzteak ere ez dio onik egiten udalari eskaintzen diren zerbitzu guztiak mantentzea bermatu beharra baitago”.
Sozialisten zuzenketei esker udal gobernuak ezarri nahi zuen % 2’2ko igoera % 1’4an geratuko dela azaldu du PSE-EEk.
PSE-EEren hainbat zuzenketa
-Higiezinen gaineko zerga: ehuneko 1’95eko igoera adostu dute. Eta ohiko bizitoki ez diren etxebizitzei %25eko igoera ezarriko zaie, eta ez %50ekoa.
-Zaborrak: ehuneko 10eko hobaria jasoko dute bosgarren edukiontzia erabiltzen dutenek. Konpostajea egiten dutenek ere izango dute saria: % 50eko hobaria izango du familia konpostajeak eta % 70ekoa komunitatekoak. Berrikuntzen artean, bulegoek etxebizitzen tasa ordaintzearena legoke.
-Terrazak: kanpoaldeko auzoetan terrazen tasa ez da igoko.
-TAO: Bertakoen TAO txartelaren prezioa ez da igoko.
PPren desadostasuna
PPk ez ditu begi onez hartu Bildu eta PSE-EEk adostutako zuzenketak. Ramon Gomez zinegotziaren arabera, sozialistek babesa eman diote berriro Bilduri zergak igo eta donostiarrak “itotzeko”. Bere hitzetan, “ez da bidezkoa zergak igotzea eta diru-sarrera horiek hiria eraikitzeko ez erabiltzea”.