750.000 euro bideratuko dituzte lankidetza egitasmoak garatzeko
Udalak ia 750.000 euro banatuko ditu garapenerako lankidetza, sentsibilizazio eta hezkuntzaren alorrean lan egiten duten elkarteen artean. Iazko kopuru bera da, aurrekontu osoaren % 0’38a.
Tokiko Gobernu Batzordeak onartu ditu diru laguntzak, udal gobernuak justizia sozialarekiko duen konpromisoa erakutsiz. Jon Albizu, lankidetza zinegotziaren hitzetan, “gobernu honen ustez lankidetzako gastua gastu soziala da, eta egun dugun egoeran ezin dugu gastu honetan murrizketarik egin. Ez da soilik elkartasun kontu bat, mundu justuagoa eta orekatuagoa bermatzeko eraldaketa soziala ezinbestekoa da; egungo gizarte eredua aldatzean dago gakoa, hau da, soilik gizarte eredu justu batek ekarriko du mundu justuago bat”.
Diru laguntzak bi alor ezberdinetara bideratuko direla azaldu du Albizuk. Batetik, lankidetzara, hau da, beste herrialdetan proiektuak garatzen dituzten gobernuz kanpoko erakundeetara, 523.385 euro (%70) eta, bestetik, sentsibilizaziora eta garapen hezkuntzara, hau da, gurean bertan kontzientziazio lanak egiten dituzten irabazi asmorik gabeko elkarteetara, 224.308 euro, (%30). Albizuk azpimarratu du bi norabide horietan lan egitea ezinbestekoa dela, hau da, herrialde ezberdinetan proiektu zehatzak babestea bezain garrantzitsua dela gurean sentsibilizazio kanpainak sustatzea.
Garapenerako lankidetzako proiektuentzako diru laguntzen deialdira 42 proiektu aurkeztu dira, eta horietatik bederatzi lagunduko dituzte diruz. India, Peru, Bolivia, Palestina, El Salvador, eta Kolonbian hainbat proiektu gauzatzeko baliatuko dute dirua garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek. Berdintasuna eta emakumeen eskubideak bermatzea dute ardatz proiektuek, hala nola, elikadura subiranotasuna bermatzea eta giza eskubideak errespetatzea.
Sentsibilizazioa eta garapenerako hezkuntzara bideratutako proiektuen deialdira, berriz, 33 egitasmo aurkeztu dira eta horietatik hamarrek jasoko dute babesa. Eraldaketa soziala, berdintasuna, kontsumo arduratsua, ingurumenaren babesa, emakumeen eskubideak, bidezko merkataritza, kultur aniztasuna eta giza eskubideen defentsaren aldeko proiektuak dira diruz lagunduko dituztenak.