Asier Coloma: "Hemen gauden guztiak jardun politikoagatik gaude"
40 gazteren aurkako 26/11 sumarioan, epaiketaren bigarren saioa egiten ari dira gaur.
Sei auzipetu donostiarrek deklaratu dute jada.
Militantzia politikoa aldarrikatu eta poliziaren eskuetan zirenean torturatuak izan zirela salatu dute gaur ere gazte mugimenduaren aurkako epaiketan auzipetuta dauden gazteek. Gaur epaiketaren bigarren saioa izan da, eta atzo egin moduan, kamiseta laranja eta Libre, elkartasunetik konpromisora leloa soinean zutela sartu dira Madrilgo Auzitegi Nazionaleko aretora.
Atzo, auzipetuetako lau ez ziren epaiketara agertu, eta hamarrek deklaratu zuten lehen egunean, tartean lau donostiarrek: Maialen Elduak, Eihar Egañak, Aitziber Arrietak eta Garazi Rodriguezek. Jada epaiketa honetan auzipetuta dauden sei donostiarrek deklaratu dute epailearen aurrean. Izan ere, gaurko saioan Intxaurrondoko Mikel Eskirozek eta Parte Zaharreko Asier Colomak deklaratu dute.
Coloma Hendaian (Lapurdi) atxilotu zuten. Epaiketan deklaratu du “torturen beldur” zelako joan zela Hendaiara. Bizitza publikoa egiten zuen bertan. Politikoki eta sozialki pertsona konprometitua dela adierazi du: “Hemen dauden guztiak jarduera politikoagatik gaude”, defendatu du. Halaber, salatu du Altsasuko adierazpenetik zortzi egunetara atxilotu zituztela, “ezker abertzalearen bide berria eten nahian”. Fase politikoaren argipena txostena dago haren aurkako frogen artean; “260.000 deskarga izan zituen”, argudiatu du Colomak.
Mikel Eskirozek poliziaren aurrean ukatu zuen Segiko kide izatea, eta epaile aurrean berretsi egin du. Segi-ren legez kanporatzearen aurkako elkarretaratzeetara joan izanaz galdetu dio AVTk Mikel Eskirozi. Intxaurrondoko gazteak erantzun du Segi “talde terrorista” deklaratzearen kontra zegoelako joan zela elkarretaratzera: “Horrek gazteak indiskriminatuki atxilotzea eta epaitzea ekar lezakeela uste nuen. Horixe da hau ere”. Ikasle Abertzaleetako militantziaz ere galdekatu dute. Ikasle Abertzaleak-eko bileretako oharrak agertzen dira bere kontrako froga gisa. Atxilotu zuten egunean unibertsitateko klaustrorako kide hautatu zuten Eskiroz, IA-ren izenean.
Maialen Eldua (Egia), Mikel Esquiroz (Intxaurrondo), Garazi Rodriguez (Gros), Aitziber Arrieta (Parte Zaharra) eta Eihar Egaña (Amara) Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak 2009an egindako sarekadan atxilotuak izan ziren. Asier Coloma ez zuten etxean aurkitu hura atxilotzera joan zirenean. Urtebete geroago atxilotu zuten Lapurdin. Paueko Auzitegiak bere aurkako euroagindua onartu ostean, espainiaratu egin zuten. Aurretik ezarritako zigor batengatik egon da preso Darocako espetxean. Joan den ekainaren 13an aske geratu zen. Segiko kide izateagatik baldintzapeko askatasunean egon da epaiketaren zain.
Erlazionatutako edukiaMehatxu eta eraso sexistak salatu dituzte Garazi Rodriguezek eta Maialen Elduak