Ez dok Amairuren benetako historia kontatuko dutela diote Ray eta Nik xelebreek
http://youtu.be/z83eUYRrW_Y
Ramon Agirre eta Inazio Tolosa aktoreek ‘Koka-Kola eta Barea’ ikuskizuna estreinatuko dute igandean, Gazteszenan; Asier Sota da antzezlanaren zuzendaria eta Xabier Etxaniz Rojo idazlearena da gidoia.
Koka-Kola eta Barea. Halaxe izena du Ramon Agirre eta Inazio Tolosa aktoreen antzezlan berriak. “Barre egiteko ordubete” prestatu dutela diote, eta Egiako Gazteszenan izango da ikuskizuna lehen aldiz ikusteko aukera, igandean, 19:30ean. Gaur bertan aurkeztu dute Koka-Kola eta Barea, Rai eta Nik pertsonaia xelebreek, eta ikuskizunaren zatitxo bat ere antzeztu dute kazetarien aurrean. Zuzendari lanetan Asier Sota dabil, eta gidoia osatzea Xabier Etxaniz Rojo idazlearen lana izan da; beraiek ere izan dira aurkezpenean. Finean, antzezlanak bi helburu nagusi dituela azaldu du Raik (Ramon Agirre): “Batetik, injustizia historiko bat konpontzera gatoz. Gu ere Ez dok Amairu taldeko kideak izan ginen, baina argazki mitikoa atera zuten egunean ez ginen joan, eta inor ez da gutaz gogoratzen. Bestetik, Ez dok Amairu berpiztera gatoz, modernoa”. Gainera, “injustizia handi hori” ongi azaltzeko, liburu bat ere argitaratu dutela azaldu dute Raik eta Nikek, eta Durangoko Azokan salgai egongo dela, Urrutiko intxaurrak izenburupean.
Xentimorik gabe antzezlanarekin Euskal Herriko hainbat txokotatik ibili ostean, berriro ere umorea eta musika batzen dituen ikuskizun batekin datoz Agirre eta Tolosa; eta publikoak ongi pasako duela ziurtatu dute. Aurreko ikuskizun hura ere Sotak zuzendu zuen, baina lehen aldiz aritu da beraintzat lanean Etxaniz Rojo: “Konturatu naiz antzerkiak beste modu batera funtzionatzen duela, eta asko ikasi dut. Esperientzia oso polita izan da, eta errepikatzeko modukoa”. Hala ere, berak botatako ideiak guztiz aldatu dituztela onartu du Etxaniz Rojok, barre artean.
Donostian estreinatuko dute Koka-Kola eta Barea, eta sarrerak 5 euro balioko du. Ondoren, beste emanaldi batzuk lotuak dituzte, Zumaian eta Deustun, besteak beste.