Jon Albizu, mugikortasun zinegotzia, QR sistema probatzen. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Panel elektronikorik ez duten 416 geltokitan jarriko dute QR kode bidezko sistema.
Hiriko autobus geltokiak teknologia berrietara egokitzen ari dira. Orain arte SMS, Bluetooth, internet edo informazio panel elektrikoen bidez jaso zitekeen autobusen berri. Orain, baita QR kodearen bidez ere.
Mugikorra kodearen aurrean jarri argazki kamerak irudia irakur dezan, eta segundu gutxitan autobusa geltoki horretara iristeko zenbat falta den jakin dezake erabiltzaileak.
Herritar bat QR kodea probatzen. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Jon Albizu, mugikortasun zinegotziak adierazi du Dbusen puntualtasuna % 99koa dela, eta zerbitzu hori mantendu edo hobetzeko lanean dihardutela egunero. “Kalitatezko garraio zerbitzu publikoa lortzea da helburua, erabiltzaileen beharrak eta erosotasuna kontuan izanda”, esan du Albizuk. Bide horretan, QR kodea jartzearena beste pauso bat omen da.
Dbusek 509 geltoki ditu hirian. Horietatik 93 geltokik autobusa iristeko zenbat falta den adierazten duten panel elektronikoak dituzte. Gainerako 416 geltokitan, berriz, gaur hasi eta egun gutxitan QR kodeak jarriko dituzte. GPS bidezko sistema bat erabiltzen da autobusen ibilbideak kontrolatzeko, beraz, QR kodeek eskaintzen duten informazioa oso zehatza dela argitu du Albizuk.
Eskualdeen Garapenerako Europako Fondoak emandako diru laguntzen bidez ari dira Dbusen zerbitzua egokitzen. Ildo horretan, “egunero bi mila lagun sartzen dira Dbusen webgunean; oso datu esanguratsua da, beraz, garraio zerbitzua hobetzen jarraitu behar dugu”, adierazi du Albizuk.