Eneko Goia, eskuinean, udalbatzar batean. (Argazkia: Nagore Koch)
EAJko bozeramaile Eneko Goiak hiriaren egoerari erreparatu dio batez ere; PSE-EE eta PP alderdietako bozeramaileek baino gehiago, hauek udal gobernuari zuzendutako kritika orokorretan oinarritu baitute euren diskurtsoa. Kasu honetan, Goia zehatzagoa izan da udal gobernuaren kudeaketari buruz hitz egiterakoan. Hain zuzen ere, Bilduk inbertsioetan aurreikusitako egitasmo asko ez dituela bete azpimarratu du. 2012rako aurreikusitako zenbait lan ekarri ditu gogora, eta, diru partidak zehaztuta egon arren, gehienak ez zirela abian jarri nabarmendu du: Papin, Añorgako bulebarizazioa, Mikel Laboa pasarela, Zubiaurreko pasarela, Loiolako bulebarizazioa, Parte Zaharreko zabor bilketa, Herrerako kirol ekipamenduak, kaleetako asfaltatzea, Karlos Iaren bulebarizazioa, merkatariei eta autonomoen laguntza eta bizikleta publikoa, besteak beste.
Goiak esan du aurtengo daturik ez dutela, udal gobernuak informaziorik ematen ez dielakoan, baina antzeko egoera izan daitekeela. “Udal gobernua ez da fidatzekoa konpromisoak betetzeko orduan. Hitz politak bai, baina paperak edozer gauzari eusten dio. Errealitatea, baina, bestelakoa da”, ondorioztatu du EAJko bozeramaileak.
Goiak ere Igeldoren desanexioaren gaia ez du ahaztu, eta zalantzan jarri du herri kontsultaren gardentasuna. Botoa emateko banatu diren eskutitzak eta bozkatzeko sistema ikusita, igeldotarra ez izan arren, berak ere bozkatu ahalko lukeela ohartarazi du.