Hezkuntzan murrizketarik ez egiteko eskatuko dio Bilduk Eusko Jaurlaritzari
Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du Udalaguntza deituriko diru laguntzen deialdirik egin.
Bilduk adierazi duenez, hamahiru urte baino gehiago daramatza Donostiako udalak gastu arruntaren bidez edo inbertsioen bidez hiriko hezkuntza ekipamendu publikoen sarea hobetzeko ahaleginean. 2003. urtea arte lankidetza hitzarmen bati esker elkarlanean aritu dira udala eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saila. Urte horretan, ordea, Udalaguntza, diru laguntza sistema jarri zuten abian.
Udalak urtero eskatu du diru laguntza hori, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 19 ikastetxeetako eta HHEko lau eraikinetako 32 instalazioren beharrak asetzeko. Diru laguntzak izan diren 13 urteetan 9.816.154 euro inbertitu dituzte; % 60a Eusko Jaurlaritzak jarria eta gainerako % 40a Donostiako udalak jarria.
Diru laguntza horien bidez egindako guztiak asko lagundu du ikastetxeen segurtasuna, irisgarritasuna eta erabilgarritasuna hobetzen, baina Bilduren arabera, oraindik badago zer egina eta inbertitzen jarraitzeko premia; beste lau milioi euro, gutxi gora-behera.
Baina 2013. urtea bukatzear da eta Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du Udalaguntza izeneko diru laguntzarako deialdirik egin. Bilduk bere kezka agertu du eta hezkuntzari beste murrizketarik ez egiteko eskatuko dio Gasteizko Gobernuari, euren ustez, diru laguntzak ezinbestekoak baitira kalitatezko hezkuntza zerbitzu bat bermatzeko.
Erakunde adierazpena
Honengatik guztiagatik erakunde adierazpen bat aurkeztuko du Bilduk hurrengo udalbatzarrean. Bi eskaera egingo dituzte:
Batetik, 2013ko aurrekontuari dagozkion Udalaguntza diru laguntzen deialdia lehenbailehen egiteko eskatuko diote Eusko Jaurlaritzari.
Eta bestetik, Gipuzkoako Hezkuntza ordezkariari Donostiarekin izandako konpromisoari berriro heldu eta lankidetza hitzarmen bat izateko bidea jar dezala eskatuko diote, lau milioi euroren inbertsiak egin ahal izateko.