Hiriaren egoerari buruzko eztabaida udalbatzarren aretoan egiten ari dira. (Argazkia: Lide Ferreira)
Hiriaren egoerari buruzko eztabaida egiten ari dira gaur udalbatzarren aretoan, hirugarrena Bilduren legegintzaldian. Udalean ordezkaritza duten lau alderdi politikoek hartuko dute hitza. Lehena Juan Karlos Izagirren alkatea izan da, udal gobernuaren izenean. Ekonomia, gizartea eta politika arloak izan ditu hizpide.
Ekonomiari dagokionez, krisi ekonomikoaren aurka ekonomia aktibatzea, gizarte politikak indartzea eta kudeaketa lana egoki egitea dela gakoa aipatu du. “Diru gutxi izanda, lehentasunak markatu behar ditugu”, adierazi du, eta udalak duela bost urte baino 105 milioi euro gutxiago dituela nabarmendu du. Hala ere, beste administrazioekin alderatuta, murrizketak egin beharrean, zenbait gaietan laguntzak handitu dituztela esan du. «Murrizketak murrizketa, gizarte politikako partida bikoiztu egin dugu. Beste erakunde batzuei dagokiena ere hartu dugu gure gain: gizarte larrialdietarako laguntzak, tartean”, zehaztu du.
Kezkatzeko datuak ere eman ditu; Donostian 12.000 langabe daudela eta 4.000 herritarrek gizarte laguntzak eskatu dituztela, horietatik heren bat erretiratuak eta beste laurden bat, langileak. «Horrek erakusten du zein gizarte motan gauden, non erretiratuak eta langileak ere ez diren hilabete bukaerara iristen», adierazi du. Errealitate horren jakitun, murrizketak murrizketa, udal gobernuak ez dituela aldez aurretik finkatutako marra gorriak zeharkatuko jakinarazi du: kalitatezko zerbitzu publikoek, gizarte laguntzek, kulturak eta euskarak, besteak beste, lehentasun gisa izaten jarraituko dutela, alegia.
Inbertsioei buruz ere hitz egin du, eta lehentasunen artean Urumea eta Txomin Eneako hirigintza egitasmoa daudela berretsi du. “Ez da posible uholdeei beldur izaten jarraitzea bizilagunek”, aipatu du. Tabakalera ere jarri du lehentasun gisa. “Gainera, kultura baino harago doan egitasmo bat da, ingurua berritzeko balioko baitu”, azaldu du. Era berean, autobus geltokia, Altzako kiroldegia, turismoa, merkataritza eta 2016ko erronka aipatu ditu ardatzen artean.
Partaidetza arloari ere garrantzi handia eman dio Izagirrek, eta auzoetara astero joaten direla jakinarazi du. Partaidetza zuzenaren aldeko apustua egingo dutela aurreratu du; herritarrei galdetzea, hain justu. Honen harira, Igeldoko herri galdeketari buruz hitz egin du. “Oztopoak jarri beharrean, galdeketan parte hartzera animatu beharko genuke jendea, hori litzatekeelako demokrazia indartzea, alde edo kontra bozkatuta ere, baina beti herritarren hitza errespetatzeko konpromisoarekin”, erantsi du. Gogoratu du Ramon Labaien alkatea zenean etorri zela Astigarragaren desanexioa, eta ez zela ezer gertatu.