Jon Telleria: "Ez dugu torturatzaileen zigorgabetasunik onartuko gure epaiketan"
40 gazte epaitzen ari direla Espainiako Auzitegi Nazionalean, Madrilen, sei donostiar tartean: Garazi Rodriguez (Gros), Asier Coloma (Parte Zaharra), Mikel Eskiroz (Intxaurrondo), Maialen Eldua (Egia), Eihar Egaña (Amara) eta Aitziber Arrieta (Parte Zaharra). Fiskalak seina urteko espetxe zigorra eskatu du guztientzat.
Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak 2009an egindako sarekadan atxilotuak izan ziren, Asier Coloma izan ezik. Parte Zaharrekoa ez zuten etxean aurkitu hura atxilotzera joan zirenean. Urtebete geroago atxilotu zuten Lapurdin.
Inkomunikazio aldian torturak pairatu izana salatu zuten 2009an, eta horixe bera salatu dute berriro aste honetan abiatutako epaiketan. Hain zuzen ere, soilik defentsaren galderei erantzun diete auzipetuek, eta hitza hartu dutenean inkomunikatuta egon ziren egunetan pairatutakoa azaldu dute.
Torturak hizpide
Auzipetuek jasandako torturak ere gogoan izan ditu Telleriak. Datorren ostegunean torturatzaileek lekuko gisa deklaratuko dutela esan du Telleriak. “Harrigarria da Argentinatik etorri behar izatea duela 50 urte, Frankismo garaian izandako tortura kasuak epaitzeko; Beste 40 urtez gure torturak onartzeko zain egon behar al dugu?”, esan du Telleriak. “Datorren astean, epaileei aurre-aurre begiratu, eta ez dugu onartuko torturatzaileen zigorgabetasuna gure epaiketan erabiltzerik”.
Urriak 26an, manifestazioa Bilbon
Datorren larunbatean, urriak 26, Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin du Telleriak. “Guk ez dugu justiziarik espero, herria da espero duguna, herria baita pausoak eman eta bere indarraz balantzari buelta eman eta Espainia konponbiderako urratsak ematera behartuko duena”. Horretarako elkartasunetik konpromisorako jauzia ematea ezinbestekoa dela adierazi du Telleriak, desobedientziaz libre izanda soilik lor daiteela aldaketa.
Urriak 26an jarri dute hurrengo hitzordua, datorren larunbatean manifestazioa egingo baita Bilbon, 17:30ean, Jesusen Bihotzetik abiatuta.
Madrilen abiatu diren epaiketa politikoak salatu eta Donostiako auzipetuei babesa eta elkartasuna adierazteko ekitaldia egin dute Grosen. 13:00etan egin dute ekitaldia Katalunia plazan, eta hiriko hainbat auzotatik abiatutako herri harresiek bat egin dute bertan.
Ordezkari politikoak eta segiko kide izatearen akusaziopean auzipetutako gazte batzuk igo dira agertokira. Gertu zituzten senitartekoak, lagunak eta beste hainbat herritar ere; 350 bat lagun inguru.
Kide guztien izenean, Jon Telleria auzipetuak hartu du hitza eta gertukoen babesa eskertuz, ez dutela justiziarik espero adierazi du. Batere oinarririk gabeko frogak aurkeztu dituztela gaineratu du Telleriak, eta sekula izan ez badu ere, garai honetan are eta zentzugabeagoak diren epaiketa politikoak direla salatu du.
Bestalde, egun hauetako epaiketak “porrot batetik abiatutako epaiketak” direla adierazi du Telleriak; “Ezker abertzalea kaleetatik atera eta isilarazteko ahalegina da, baina ez dute lortuko”, esan du Telleriak.
Gogoratu segiko kide izatearen akusaziopean,