Haur Txoko berriko zinta moztu duten unea. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Parte Zaharreko 60 bat gurasok eman diote bizia Haur Txoko berriari.
Urtetako beharrari erantzunez, gaur ireki dute ofizialki Parte Zaharreko Haur Txokoa. Bretxako Arrandegia eraikineko lehen solairuan dago Haur Txokoa. Goizeko 10:00etan ireki dituzte gaur ateak, baina eguerdian egin dute irekiera festa eta ekitaldia.
Izan ere, ospakinerako eguna ez ezik, Haur Txokoa jostailuz eta ilusioz betetzeko eguna izan da gaurkoa. Bertaratu diren familia guztiek ekarri dute zerbait. Erabiltzen ez dituzten jostailuak, haurrak handituz joan ahala ahazturik dituzten liburuak,…guztiak balio du poliki-poliki itxura hartzen ari den txokoa apaintzeko.
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteko gurasoek bultzaturiko egitasmoa izan da. Udalak lekua utzi zien Bretxan eta ederki egokitu dute. Hiru espazio dituzte: auzo elkartearen bulegoa, gazteen aisialdirako gunea eta orain, Haur Txokoa. Tokia garbitzen eta apaintzen ibili dira buru belarri azken hilabeteetan. Aitzol Iriondo gurasoa eta elkarteko kidearen arabera, “guztien arteko auzolana izan da, eta aurrerantzean ere halaxe izango da”. Izan ere, gurasoez gain auzo elkarteko gainerako kideek ere lagundu dute tokia txukuntzen. Ekainerako edo prest zegoen, baina udazkena aukeratu dute irekitzeko garai gisa, hemendik aurrera sentituko baitute herritarrek babesa bilatzeko beharra. “Orain arte kalean gustura egon gara, baina negua luzea izaten da hemen, eta gustura erabiliko dugu Haur Txokoa, noski”, esan du Iriondok, hilabeteko semetxoari leunki eraginez.
Hainbat gunetan banatu dute lekua. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Txikienentzat leku egoki baten beharra izan da Parte Zaharreko gurasoek urte luzez sentitu dutena. Konstituzio plazako arkupeak jolastoki bihurtu omen dituzte sarri. San Telmo Museoan eta Udal Liburutegian ere antolatzen dituzte jarduerak, eta hemendik aurrera, Bretxan izango dute aukera berria.
Auzolana izango du oinarrian
Auzolanean egokituko dute lekua, eta auzolanean moldatuko dira hemendik aurrera ere. Parte Zaharreko Haur Txokoa auzo elkarteko kideek eurek kudeatuko dute, beraz, erabili nahi duenak elkarteko bazkide egin beharko du. Hilean bost euro ordaintzen du familia bakoitzak.
Gurasoek eurek kudeatuko dute zerbitzua, eta momentuz oso ondo ari dira, txandak egiteko gurasoen zerrenda luze luzea baitago horman itsatsita. Arratsaldeko 16:30etik 18:30era irekiko dute, eta egunero egongo da arduradunen bat. Dena dela, haurrak gurasoen ardura izango direla azpimarratu du Iriondok, eta ez unean uneko arduradunarena: “Momentu batean beste gurasoren baten zaintzapean utzi dezakezu haurra, edo bakarrik, koxkorra bada; arduradunak Haur Txokoko atera ireki eta itxi egingo du, eta gauzak ondo erabiltzen direla kontrolatu; haurrak zaintzea ez da bere ardura”.
Bi aste daramatzate lan dinamika horrekin. “Zalantza asko ditugu, baina ilusio handia sumatzen dugu inguruan eta guztia ondo aterako dela uste dugu”,esan du Iriondok. Gabonak arte jarraituko dute horrela, eta orduan egingo dute lehen balorazioa. Momentuz leku goxo eta atsegin batean haurrek nola gozatzen duten ikustea besterik ez dute.
Mirri eta Mirrik barrez jarri dituzte haur eta helduak. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Ospakizun eguna
Umorez ekin diote Haur Txoko berriaren aroari Parte Zaharreko guraso eta txikiek. Egun berezia izaki, gonbidatuak ere bereziak izan dituzte: Mirri eta Mirri. Pailazoen bihurrikeriekin barre gustura egin ondoren, aurreskua, alkatearen hitzak eta zinta moztea ere egin dituzte. Gaur egun handia izan baita Parte Zaharreko txikientzat.