Doka berrituaren irekiera jaia ospatu dute
Donostiako Kafe Antzokiak arduradun berriak ditu, eta proiektuari itzuli bat eman ostean, aurkezpena egin dute inguruko eragile, artista eta lagunen artean.
Aro berri bati ekin dio Dokak, Donostiako Kafe Antzokiak. Antiguan kokatutako antzokiak arduradun berriak ditu, Eneko Sierra eta Eneko Yaben, hain zuzen ere. Behin ildo berria eta aldaketak finkatuta, proiektua jendaurrean aurkezteko unea dela erabaki dute, eta lagunarteko jai irekia egin dute gaur, 19:30ean. Inguruko aktore kultural, erakunde, bizilagun, promotore, artista, komunikabide, musikari eta herritarrengana zabaldu dute deia, eta aurrerantzean ere beraiekin elkarlanean aritzea dute helburutzat. Gaurko jaiaren haria Zuhaitz Gurrutxagak eraman du, bere umore freskoaz, eta Jon Martinek bere bertsoan ongi esan duen moduan, “baso bat baino gehiago topatuko duzu Dokan”. Izan ere, Sierrak azaldu du irudi berria jartzearekin batera, filosofia aldaketa ekarri dutela. Oreka TX, Tristan Crowley, Giorgio Bassmatti eta Iker Lauroba aritu dira zuzenean gaurkoan Dokan, aurrerantzean izango denaren erakusgarri.
Sei urteko ibilbidea darama gainean dagoeneko Dokak, baina etorkizunari begira, orain artekoari itzuli bat eman nahi izan diote Sierrak eta Yabenek, erronka berriak finkatuz. Zehazki, musika izango da Dokaren proposamen orokorraren ardatza. Hori guztia, ordea, datorren asteko IRUTXULOKO HITZAn irakurtzeko aukera egongo da, arduradun berrien ahotik jasoko baitu proiektu guztiaren berri astekariak.

Jende ugari bildu da irekiera jaian. (Argazkia: E. Zabala)
- Agurra. (Argazkia: E. Zabala)
- Oreka TX. (Argazkia: E. Zabala)
- Iker Lauroba. (Argazkia: E. Zabala)
- (Argazkia: E. Zabala)
- Tristan Crowley. (Argazkia: E. Zabala)
- (Argazkia: E. Zabala)
- Jon Martin. (Argazkia: E. Zabala)
- Zuhaitz Gurrutxaga. (Argazkia: E. Zabala)
- Eneko Sierra eta Eneko Yaben. (Argazkia: E. Zabala)
- Giorgio Bassmatti. (Argazkia: E. Zabala)
- (Argazkia: E. Zabala)
- (Argazkia: E. Zabala)