Hiriko zebrabideak konpontzeko eskatu du EAJk
Aurrekontuen zati bat (200.000 euro) errepideetako lan txikiak egiteko da, baina EAJk jakinarazi duenez, aurten ez dute euro bakar bat ere erabili.
Eguneroko bizitzan ia denborarik eskaintzen ez zaion gaia dela zebrabideena esan du Aitziber San Roman, zinegotzi jeltzaleak, baina herritarrengan eragin nabarmena izan ohi duela. Adineko pertsonak eta urritasun fisikoak dituztenak izan ditu gogoan bereziki San Romanek, eta “koska bat oztopo handia bihur daiteke sarri”, esan du.
Horregatik, hiriko zebrabideen egoera aztertzeko eskatuko du EAJk hurrengo osoko bilkuran. “Eskaera positiboa da, herritar guztien onerako pentsatu dena; ez da azterketa sakon bat egin behar hiriko zebrabideen egoera ikusteko, kalean goazenean adi egotea nahikoa da”, esan du San Romanek, eta bere inguruan egoera txarrean dauden 27 zebrabide zenbatu dituela gaineratu du.
Zebrabideen azterketa egin eta beharrezko neurriak hartzeko eskatuko dute jeltzaleek. San Romanen arabera, “kasu askotan konponketa txiki batzuekin nahikoa da, eta beste batzuk oso egoera txarrean daude, baina orokorrean zoladura arazoak izaten dira”.
Konponketa hauetarako aurrekontuaren zati bat bideratzen da. Aurten 200.000 euro, hain zuzen ere. Baina San Romanek jakinarazi duenez, urrian eskatu zituen berak datuak, eta “ordura arte behintzat ez dute euro bakar bat ere erabili zebrabideak konpontzeko”.