Jabi Vitoria: "Zergen eguneratzea beharrezkoa da zerbitzuak mantentzeko"
Astelehenean, urriak 28, egingo dute zerga eta tasai buruzko ez-ohiko udalbatzarra, baina aurretik, Jabi Vitoria ogasun arduradunak udal gobernuaren zerga politikaren berri eman nahi izan du.
Zerbitzu publikoak mantentzeko zergak eguneratzea beharrezkoa da Jabi Vitoria, ogasun arduradunaren arabera. Baikorra da udal gobernuaren zerga politikarekin. Hiru irizpideri jarraituz ari direla lanean esan du: zerbitzu publikoei eustsiz, jarraikortasun bat mantenduz eta udal kontratuetan murrizketarik egin gabe.
Udalak diru sarrerak mantendu beharra dauzkala esan du Vitoriak, eta horretarako bi bide dituzte. Diru sarreren erdia tokiko zergetatik jasotzen dute, eta beste erdia Foru Aldundiaren ekarpenetatik. Zentzu horretan, Aldundiarenak zalantzazko laguntzak direla argitu du Vitoriak, urteko sarrera eta gastuen arteko orekaren araberakoak baitira. Aurten adibidez, Foru Aldundiaren laguntza % 2’2an jeitsiko da.
Zerga eta tasen igoera
Krisi garaian egon arren, zergak eta tasak eguneratu eta egokitu beharra dagoela esan du Jabi Vitoriak. Zerbitzu batzuk defizitarioak direla aipatu du, zaborrena, ur-saneamenduarena edo garabiarena jarriz adibide gisa. Beste zerbitzu batzuk mantentzea ere gero eta garestiagoa omen da. Gainera, zergen bidez jasotako diru kopuru handi bat udalaren maileguak ordaintzeko erabiltzen dela argitu du ogasun arduradunak. Dena den, zorpetzea jasangarria izan behar du; “itzuli ahal dena bakarrik eskatu behar da”, esan du Vitoriak.
Egoera hori jasangarria eta orekatua izan dadin, ordea, diru sarreren egitura sendo bat behar-beharrezkoa dela uste du Vitoriak, zerga eta tasek izango duten igoera arrazoituz. “Igoerak eta eguneratzeak ez dira udal gobernuaren kapritxo bat”, esan du Vitoriak.
Udal gobenuak bere zerga politikara gehien gerturatzen diren zuzenketak onartu ditu. “Talde guztien ekarpenak hartu ditugu kontuan, guztien artean erabaki beharrekoak baitira neurri hauek”, esan du Vitoriak.
Ondare Higiezinen Zerga (OHZ)
EAJ eta PPk etxebizitza hutsen gainkarga kentzeko eskatu dute aste honetan. Udal gobernuaren arabera, ordea, gainkarga hau ez da batere zentzugabea. Hasierako azterketen emaitzen arabera, 13.000 etxebizitza huts zeuden Donostian, baina udal gobernuak gidaturiko azterketa zorrotz baten ondorioz, etxebitza huts bat zer den zehaztea lortu dutela esan du Jabi Vitoriak, eta hasierako kopurua errealitatera egokituz 2.800 bat etxebizitza zenbatu dituztela.
Gainera, etxebizitza bat hutsik egotearen arrazoiak aztertu eta hainbat kasu gainkarga honetatik kanpo geratu direla adierazi du Vitoriak, “bidegabekeriak ahalik eta gehien saihesteko”. Horiek lirateke, adibidez, hildako senitartekoen bitartez jasotakoak, zahar egoitzetan dauden jabeen kasua, ikasle pisuak…