Kaiko soinuetan oinarritutako pieza bat konposatu du Mikel Chamizok
‘KAIA’ izena du konpositore tolosarraren obrak, eta Aquariumen aurkeztuko du larunbatean.
Oboea eta musika elektronikoa nahasten dituen emanaldi bat aurkeztuko du Mikel Chamizo konpositore tolosarrak larunbatean (urriak 26, 20:00). KAIA izena du bere obra berriak, eta Donostiako portuan grabatutako soinuak hartu ditu abiapuntu gisa. Izan ere, emanaldi honen bidez portuen historia omendu nahi du Chamizok. Oboearen musikak antzinako aulos greziarra dakar gogora, eta itsasoko hegaztien soinuak sortu ditu musika elektronikoaren bidez. Sevillako Jacobo Diaz oboe jotzailea izango da agertoki gainean. Musika elektronikoa Juan Jose Eslavak sortu du. Emanaldian entzungo diren soinu asko Kaian bertan, Aquariumaren inguruan, grabatu ziren.
Musikagileak Musika Garaikidearen IV. Zirkuituaren barruan programatutako emanaldia da larunbatekoa. Formatu pedagogikoa du gainera kontzertuak. Mikel Chamizoren KAIA eta Juan Jose Eslavaren Trizas obrak interpretatuko dituzte, eta bi aldiz. Konpositoreek obrak nola sortu dituzten azalduko diote publikoari. Sarrera doan izango da.