Ekain arte galeriara ekarri ditu Iñigo Arregik bere artelanak
Arrasateko artistaren 14 eskulturak eta 12 koadroak abenduaren 7a arte egongo dira ikusgai.
Iñigo Arregiren erakusketa batek hartu du Parte Zaharreko Ekain arte galeria. Arrasateko artistak 26 artelan ekarri ditu Donostiara, horietako 14 eskulturak dira, eta gainontzekoak, erliebedun koadroak. Arregiren eskulturak “puzzleak” direla dio egileak berak, izan ere, piezak autonomikoki osatzen ditu, eta ondoren, bata bestearekin lotzen ditu. “Nire sortzeko moduak mugatua dela dirudi, baina urteak daramatzat horrela, eta geroz eta gehiago konplikatzen da”, aipatu du egileak. Eraikinetan maiz bilatzen du inspirazioa Arregik, eta bere erakusketetara arkitekto asko joaten direla dio. “Nire obrak ez dira sekula mardulak, beti dute zati huts bat barnean, agian Oteizaren hutsaren kontzeptua daramadalako barnean”, argitu du Arregik. Hala, Jorge Oteizaren eragina baduela onartu du, berarekin lan egin baitzuen 12 eta 16 urte izan zituen artean.
Erakusketa bihar zabalduko dute eta abenduaren 7a arte egongo da ikusgai. Asteartetik larunbatera bisitatu daiteke, 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 21:00etara.