Irabazita zuen partida berdinketarekin bukatu du Realak
Valladoliden etxean 2-2 berdindu dute txuri-urdinek.
Albiste txarrak Realarentzat. Ligako hirugarren partida jarraian irabazia zuen, baina bere akatsengatik 2-2ko berdinketarekin bukatu du. Valladolidek baino hobeto jokatu du talde txuri-urdinak, lehen zatian sartu du lehen gola, eta bigarrena hasi eta berehala bigarrena, baina ondoren dena pikutara bidali du eta azken minutuan galtzeko zorian ere egon da, penalti baten ondorioz.
Dena bide onetik zijoan, Jagoba Arrasateren taldea ongi jokatzen ari zen, Valladolid galduta zegoen, baina partida bukatzeko minutu gutxi falta zirenean markagailuari itzulia emateko gai izan da etxeko taldea. Antoine Griezmannek sartu ditu Realaren bi golak, 16. minutuan eta 53. minutuan. Valladoliden lehen gola 76. minutuan iritsi da, Larssonek baloia buruz sare artean sartu ostean. Realak ez du erreakzionatu, ez du hirugarren gola bilatu eta orduan Valladoliden bigarren gola iritsi da, Javi Guerraren jaurtiketa bati esker. Gainera, azken minutuetan norgehiagoka irabazteko aukera izan du etxeko taldeak; izan ere, Mikel Gonzalezen esku baten ondorioz penaltia iritsi da. Claudio Bravok sekulako geldiketa egin du eta horri esker lortu du Realak berdinketarekin geratzea. Hiru puntuek, ordea, ihes egin diote.