Korronte elektrikoa aldatuko diete bakarrik bizi diren 65 urtetik gorako herritarrei
Korronte elektrikoa 125 voltetik 220 voltera pasatzeko lanak ehuneko ehunean ordainduko dizkio udalak hala nahi duenari.
Gizarte Ongizate sailak eta Sustapenak adostutako hitzarmen baten ondorioz sortu da proiektu pilotu hau. 65 urtetik gorako herritarrei bideratua dago; diru sarrera urriak dituzten eta bakarrik bizi diren adineko herritarrei bideratua.
Bi helburu ditu, beraz, egitasmoak. Alde batetik, hiriko enpresa txikien jarduera ekonomikoa sustatzea eta baliabide ekonomiko gutxi dituzte herritarren bizi kalitatea hobetzea. Horretarako, 450.000 euro erabiliko dituzte. Jon Albizuk argitu duenez diru kopuru horrekin ehuneko ehunean ordainduko dituzte egokitze lanak. Egitasmoa azaroan jarriko dute abian, eta sei hilabete iraungo du. Ondoren, diru kopuru hori nahikoa ote den erabakiko dute.
Bestalde, Albizuk egitasmoaren izaera soziala nabarmendu du; “premia handiena duten herritarren ondoan egotea da administrazio publikoaren arduretako bat”.
Udal gobernuak egin duen azterketaren arabera, 490 bat etxebizitza leudeke diru laguntza hau jasotzeko moduan. Laguntzak ez dira, ordea, eskatu ahala emango, ongizate zerbitzuko teknikarien balorazioen ondoren baizik. Gizarte ongizatetik bertatik jarriko dira onuradun izan daitezkeen herritarrekin harremanetan. Diru laguntza hauek jasotzeko familia unitatearen diru sarrera 967 euroz azpikoa izan behar da, eta ezinbestekoa izango da ohiko etxebizitzaz gain beste ondare higiezinik ez edukitzea.
Sustapena arduratuko da etxeetako korronte elektrikoa aldatuko duten enpresak eta hornitzaileak aukeratzeaz. Zentzu horretan, lanpostuak sortzeaz gain, Josu Ruizek adierazi duenez egitasmo hau baliagarria izango da hainbat eraikinen segurtasuna bermatzeko; korronte elektrikoak egokituz suteak izateko arriskua nabarmen gutxitzen baita esaterako.