Xabier Etxaniz Rojo, ‘Sirena-hotsak’ liburua eskuetan duela. (Argazkia: E. Zabala)
Erein argitaletxearekin plazaratu du idazle donostiarrak bere bosgarren ipuin liburua.
Xabier Etxaniz Rojok ‘Sirena-hotsak’ liburuaren aurkezpena egin du gaur goizean. Bere bosgarren ipuin liburua da, Erein argitaletxearekin argitaratu du eta lau kontakizunek osatzen dute:
Matxupitxu,
Akelarreak,
American way of life eta
Sirena-hotsak. Lau istorio, lau bidaia, iragana eta oraina. Maitasuna, helduen arteko maitasuna, euskal gatazka eta hirugarren adinekoen gora-beherak; gogoko dituen gai horien inguruan aritu da Etxaniz Rojo berriro ere bere istorioak idazterakoan. Lau ipuinek ez dute zerikusirik euren artean, baina guztiak Etxanizek errealitatean bizitako momenturen batetik abiatutakoak dira.
Idazleak orain arte argitaratutakoarekin alderatuz, ipuin luzeagoak dira, 181 orritan lau istorio idatzi baititu. “Nire idazkera aldatu egin da, istorioak luzeagoak dira eta orain ezustekoak beste modu batera idazten ditut, traman bertan”, aipatu du egileak aurkezpenean.