Azaroaren 9an biktima guztien oroimenezko ekitaldia egingo dute
Udaleko Giza Eskubideen Batzorde Bereziak epe ertainen egingo dituzten hiru ekitaldi adostu ditu.
Juan Karlos Izagirre Giza Eskubideen Batzordeko lehendakaria, Axier Jaka Bildu taldeak batzordean duen ordezkaria eta Eneko Goia EAJ taldeak Batzordean duen ordezkaria bildu ziren atzo Giza Eskubideen Batzorde berezian. Hartutako erabakien artean, azaroaren 9an biktima guztien aldeko ekitaldia antolatzea adostu zuten. Ekitaldi horretan biktima guztiak omendu eta oroituko dituzte.
Bestalde, Demagun Elkarteak Donostiaren suntsiketa eta Berreraikitzearen hasieraren 200. urteurrena dela eta proposatutako adierazpena ere onartu dute. Adierazpen hau hartuko dute oinarritzat abenduaren 10ean, giza eskubideen nazioarteko egunean, egingo duten adierazpen instituzionalerako.
Adierazpen horren arabera, Donostiako hiriak aditzera ematen du bortizkeriaren, militarismoaren eta gerraren aurka dagoela eta elkarrenganako aitorpena, elkarbizitza eta bakea oinarri dituen kultura baten alde egingo duela.
Azkenik, Herriko tabernak eta Segi gazte erakundearen sumarioei buruzko mozioa adostu dute. Mozio horretan Donostiako Giza Eskubideen Batzordeak aste hauetan Madrileko Auzitegi Nazionalean burutzen ari diren 26/11 eta 35/02 auziak bertan behera uztea eskatuko dute, besteak beste.