Koldo Izagirre: "Donostiako periferian bizi izan garenok oso inguru industrialean bizi izan gara, eta inguru horrek oso bestelako egin gaitu"
http://youtu.be/q9GDpo3HpXE
Idazle donostiarrak zortzigarren poema liburua aurkeztu du. ‘Parisen bizi naiz’ izena du bere lan berriak.
Donostiako periferian jaio eta bizitako idazle baten begietatik begiratu die hiri handiei Koldo Izagirrek. “Ez da gauza berria literaturan. Ni ere bertakoa naiz, baina bazterrekoa”, esan du idazleak gaur egin duen aurkezpenean. Parisen bizi naiz du izena bere poema liburu berriak, baina hiri askori buruz idatzi du: Donostia, Iruñea, Tolosa (Okzitania) eta Ruan (Frantzia), besteak beste.
Hiria da liburu honetako ardatza, baina zentzu zabalean: “Hiri horretan gizakiak bizi dira, enkontruak gertatzen dira eta pertsonaiak azaltzen dira”. Hiriaren alderdi askori buruzko ikuspegi kritikoa jorratu du: maila urbanoan eta sinbolikoan, maila pertsonalean eta kolektiboan, maila historikoan eta literarioan eta linguistikoan eraikitako begiratua da Izagirrerena.
Koldo Izagirre periferian jaio eta bizi izan da beti: Altzan jaio zen, eta Intxaurrondon bizi da egun. Lurralde hori erakutsi du Non dago Basques’ Harbour (1997) liburuko poemetan, Sua nahi, Mr Churchill? (2005) ipuin liburuan eta Egarri egunak portu aldean (2011) eleberrian. Susa argitaletxeko Gorka Arreseren hitzetan: “Bere auzotasunaren kontzientzia harro horretatik begiratu dio Izagirrek hiriari”.
Aldirietako batek epaitutako hiriaz idatzi du Izagirrek: “Donostiako periferian bizi izan garenok oso inguru industrialean bizi izan gara, eta inguru horrek oso bestelako egin gaitu”, azaldu du.
Liburuaren izenak hiri handiago bati begiratzen dion arren, Donostiaz luze aritu da idazlea aurkezpenean. Donostia Espainiako gortearen udaleku izanak hirian marka bat utzi duela, eta horrek maila urbanistikoan ere eragina izan duela esan du: “Donostiak badu espiritu monarkiko bat, ezin du abandonatu. Bilbok bezalaxe, suntsitu egin du langilearekin eta popularrarekin zerikusia zuen guztia. Horren adibidea da Antigua”.
Donostiaren garapenarekin oso kritiko agertu da: “Maila askotan gertatu da Donostiaren garapen faltsu bat. Beti dabil azken modernitatearen atzetik. Ez da gai bihurtzeko bere modernitatea, modernitate propio bat. Eta elementuak izan ditu horretarako”. Benetako hiriburu bat izateko, bere historia “behar den bezala” asumitu beharko lukeela uste du Izagirrek: “Historiografia berri baten zantzuak hasi dira sumatzen orain berrehungarren urteurren hau dela eta, baina beste historia ofizial bat nagusitzen da, eta nik uste dut Donostiako burgesia zati baten kapital akumulatze primitiboa hortxe sortu zela. Suntsimendu horretatik sortutako berreraikuntza zin hori”.
Hiriko merkatuak desagertzeak geografia humanoan egin duen kaltea azpimarratu du: “Banan bana suntsitu ditu, eta horrek badu zerikusia geografia ez den zerbaitekin, geografia humanoarekin. Bilguneak, festa guneak eta hitzaren norabidea bera. Hitzaren transmisioa eta trukea ere galdu egin da”.
Parisetik Berlinera
Lehendabiziko poemak Parisen bizi naiz izena du, eta azkeneko poemak Berlinen bizi naiz . “Paradoxa dirudien arren, ez du gezurrik esaten”, adierazi du Arresek. Liburuaren erdi-erdian poema luze bat topatuko du irakurleak. Liburu osoaren edo hasieratik bukaerara zubi luze bat egingo balu bezala: Hautakritika baterako zirriborroa.
Poema molde asko erabili ditu liburuan . Hizkuntzarekin jolastu eta sufritu egin duela aitortu du: “Jolastu eta sufritu. Biak batera. Jolasa arriskutsua da, jolasak errezkerira eraman zaitzake. Nola ez errezkerian erori? Hori da lanik handiena”.