Urumea ibaia. Astiñene zubian egiten dute bat Loiolak eta Egiak. (Argazkia: Nagore Koch)
«Behin-behineko onarpena ematea Donostia hiria antolatzeko Plan Orokorraren behin betiko onarpena Urumea ibarrean etenda izaetari uzteko dokumentuari». Urriko udalbatzarraren eguneko gaien zazpigarren puntuaren izenburua da hori, ulergaitza dirudiena lehen begirada kolpe batean, baina berebiziko garrantzia duena uholdeak saihesteko egitasmoak gauzatu ahal izateko. Horrela izanik, udal talde guztiek bat egin dute gaur bozkatzeko orduan.
Hain zuzen ere, iazko maiatzeko udalbatzarrean adostutakoari jarraipena eman diote aho batez. Orduan, Udalbatzak, udal talde guztien babesarekin ere, onartu zuen Urumean uholdeak ekiditeko neurriak hartu ahal izateko Plan Orokorra egokitzea. Portutxo, Sarroeta eta Trinkete eremuetan ezer ez ukitzeko agindua ezarrita zegoen, eta agindu hori bertan behera utzi zuten udal zinegotziek. Guar beste urrats bat eman dute bide horretan
Hirigintza zinegotzi Ricardo Burutaranek azaldutakoaren arabera, «izenburu korapilatsu horren atzean gauza garrantzitsu bat dago: Martuteneko bizilagunek euren etxea urez gainezka ikus ez dezaten, Urumean egin beharreko egitasmo hidraulikoari ateak irekitzea. Kalapiek, auzo elkarteek eta Urak berak –erakunde honek du eskumena– egindako ekarpenak erantsi dizkiogu dokumentuari; hobekuntzak, horiek guztiak». Era berean, zehaztasun batzuk atxiki dizkiote dokumentuari; Portutxoren eremuaren egokitzea zehatza izatea, tartean. Horrenbestez, lan hauei dagokienez, emendakinak aurkezteko beste epe bat abian jarriko dutela aurreratu du Burutaranek. Astiñene eta Txomin Eneako zubiei eragiten dieten zenbait aldaketa ere egin dituzte.
Zehaztasunak zehaztasun, Burutaranek udal talde guztien arteko adostasunaren balio goraipatu du. «Martuteneko bizilagunentzat albiste onena da. Erakundeekin hitz egitera joaten garenean, Urumea hiriaren lehentasuna dela ikusiko dute, udal gobernu konkretu batena baino», erantsi du.
PSE-EEko bozeramaile Ernesto Gascok «historikotzat» jo du erabakia, Urumearen bideratze seguru eta eraginkorra hiriak duen «erronka historikoetako bat» delako. Kalapiek eta auzo elkarteek egindako ekarpenak eskertu ditu, ibaiaren bideratzeaz gain, bizilagunek badutelako «paisaia bermatua izan dadin eskubidea».
Udal gobernuari kritika egiteko aukera ez du galdu Gascok; kasu honetan, Txomin Enea aipatu duenean. «Udal gobernua ez dago zuzen jokatzen ari Txomin Enean. Dena atzeratzen ari da, proiektu handia iritsi bitartean. Ez dute paperontzi bat bera ere jarri. Era berean, bideak eta espaloiak egokitzea beharrezkoa da», adierazi du PSE-EEko bozeramaileak.
Bozkatutako puntura itzulita, PPko ordezkari Jose Luis Arruek esan du bere alderdiak beti egingo duela bat Urumearekin zerikusirik duten lanek aurrera egin dezaten. «Ezin diogu bizkarra eman Urumeari», azaldu du.
EAJko bozeramaile Eneko Goiak, berriz, «norabide zuzenean» emandako beste pausu bat dela gaurkoa berretsi du. «Gure apustua Urumean dago», nabarmendu du jeltzaleak.