Haritza, Astigar zuria eta Pagoa landatzeko haziak banatu ditu Haritzaldek
Hazi banaketaren helburua da herritarrek zuhaitz haziak etxean ereitea eta gero mendian landatzea.
Hamasei urte darama Haritzalde Naturzaleen Elkarteak zuhaitz haziak banatzen. Urte hauetan guztietan bertako zortzi espezieren haziak eman dituzte, eta 100.000 hazi baino gehiao banatu dituzte herritarren artean. Xabier Rubio Haritzalde Naturzaleen Elkarteko kidea da, eta jarduera sinboliko honen garrantzia azpimarratu du: “Haur eta helduek ikusten badute nola hazten den zuhaitz bat, gero errezagoa da zuhaitzekiko maitasuna eta errespetua izatea”. Izan ere, elkarteak haziak banatzen ditu, herritarrek euren etxean zuhaitz hazi horiek ereiteko. Gero landaretxoak ernetzen direnean mendian nola landatu azaltzen diete.
Haritza, Astigar zuria eta Pagoa landatzeko haziak banatu dituzte aurten. Atzo, ostirala, eta gaur, Donostian izan dira. Ostiralean, Kontxan, eta gaur, Gipuzkoa plazan.
Rubioren ustez, oso garrantzitsua da bertako zuhaitzak eta bertako haziak erabiltzea: ” Ez da gauza bera ekartzea Haritz bat Holandatik, edo hemendik hartzea. Dena mugitzen badegu, dena homogeneizatu egiten dugu. Inportantea da bioaniztasuna bultzatzea”.
Etxean zuhaitz haziak ereitea mendira joateko aitzaki bat ere badela uste du Rubiok: “Naturarekin harremanetan jartzeko beste modu bat da. Zerbait oso sinbolikoa da, baina urte asko dira lan hau egiten, eta milaka lagunek jaso dituzte haziak. Hau da guk jartzen dugun hazia”.
- (Argazkia: Nerea Lizarralde)
- (Argazkia: Nerea Lizarralde)
- (Argazkia: Nerea Lizarralde)
- (Argazkia: Nerea Lizarralde)