Hainbat jarduera antolatu dituzte ijito herriaren eguna ospatzeko
Azaroaren 16an ospatuko dute ijito herriaren eguna, baina hilabete guztian zehar antolatu dituzte jarduerak.
Kultur aniztasunaren sailak antolatu ditu jarduerak, eta ijitoen inguruko aurreiritziak gainditzea dute helburu. Naiara Sampedro aniztasun zinegotziak herritarrak kultura honetara gerturatu nahi dituztela adierazi du: “Ijito herriak 500 urte baino gehiago daramatza Euskal Herrian, baina gizarteak orokorrean ez daki asko herri honi buruz, eta aurreiritziak dira nagusi”. Horregatik, ijito herriaren historia eta kulturaren ezagutza eta aitortza sustatzeko hainbat jarduera antolatu dituzte AGIFUGI, ijitoen elkartearekin batera.
Jarduera horien artean, Gaztelekuetan egingo dituzten hitzaldiak nabarmendu dituzte. Lehen hitzaldia Bidebietako Gaztelekuan egingo dute bihar, azaroak 5, 17:30ean. Hitzaldiak 13 eta 17 urte bitarteko gazteei begira antolatu dituzte. Ez da beharrezkoa aurretik izena ematea, hitzaldiak informalak eta parte hartzaileak izango baitira. Horrez gain, Miguel eta Nekane. Ijito Herriaren Historia komikiaren egileak ere bertan egongo dira. Komiki honek ijitoen ikuspegi eguneratua eskaintzen du, eta baita ijito herriaren historiaren berri ere.
Gainontzeko Gaztelekuetan ondorengo egunetan izango dira hitzaldiak: Intxaurrondon, azaroaren 6an; Aieten, azaroaren 7an; Antiguan, azaroaren 9an; Grosen, azaroaren 12an; Martutenen, azaroren 13an; Amaran, azaroaren 14an, eta Egian, azaroaren 19an.
Bestalde, azaroaren 15ean, Ijito Oroimena. Gerra Zibila eta Diktadura Euskal Herrian dokumentala eskainiko dute San Telmo Museoan, 18:30ean. Eta ondoren, Euskal Herriko ijitoen bilakaera historikoa eta kulturala errepasatuko dute mahai-inguru batean.